Aste Santuaren balorazio "oso positiboa" egin dute

Zarauzko Hitza 2016ko apirilaren 8a

Jende ugari Pro Zarautz surf txapelketa jarraitzen, hilaren 2an. (Eneritz Albizu Lizaso)

Turismoko datuen arabera, jatorri askotako bisitariak izan dira eta ostatuak bete dituzte.

Aste Santuko jaiegunetan ostatuak beteta egon dira, iaz bezala, eta Pazko Asteko asteburuan ere erreserba ugari izan dira. Hori dela eta, Turismo sailak balorazio "oso positiboa" egin du jasotako bisiten inguruan.  Askotariko jatorritako turistak izan dira Zarautzen Aste Santuko jaiegunetan. Turismo Bulegoko datuen arabera, Madrildik etorri dira gehienak; bisitarien %43a osatzen dute. Iazko datuekin alderatuz, %19 igo da probintzia horretatik etorritako turisten zenbatekoa. Aste Santuko bisitarien %22a osatzen dute kataluniarrek; iazko zenbateko bera. Halaber, Gaztela eta Leongo zein Nafarroako turista asko jaso ditu Zarautzek oporraldian. %14a etorri da EAEetik, aurreko urteetan baino %46,15 gutxiago. Aragoiko eta Kantabriako turisten kopurua ere jaitsi egin da.

Nazioarteko turistei dagokionez, frantziarrak izan dira nagusi: aurreko urteekin alderatuta, %162,50 igo da herrialde horretako bisitarien kopurua. %8a Erresuma Batutik etorri da eta baita Herbeheretatik zein Argentinatik ere. Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak Turismo Bulegoak zein herriko eragileek egindako lana txalotu du eta eskerrak eman dizkie egitarau zabala antolatu eta horren berri emateagatik.

Ekitaldi ugari

Datuen arabera, Zarauzko Turismo Bulegora jo duten bisitariek Zarautzi buruzko informazio eskatzeaz gain, eskualdeko bestelako interesguneen inguruan ere galdetu dute, Geoparkeaz; Zarautz eta Getaria arteko ibilbideaz eta gastronomiaz, kasu.

Egitarau kulturalak ere interesa piztu du turisten artean. Besteak beste, ZRTk antolatutako Garagardo Azokak, ZKEko Herri Kirol sailak antolatutako Bi Harri Txapelketak eta Pro Zarautz surf txapelketak, esaterako. "Gipuzkoako Surf Federazioko kideek lan ederra egin dute, Turismo Bulegoko teknikariekin batera. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, emakumezkoen parte hartzea bultzatu dugu eta sarietan ere berdintasuna bermatu", gogoratu du Larrañagak.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide