Bizikidetza Lantzen programa aurkeztu die aldundiak Zarauzko udal ordezkariei

Zarauzko Hitza 2016ko apirilaren 8a

Ezkerretik hasita, Goenaga, Vazquez, Txurruka, Vaquero eta De Benito.

Xabier Txurruka, Gloria Vazquez, Mikel Goenaga eta Ana de Benitorekin bildu da goizean Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendaria.

Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskudetako foru zuzendari Maribel Vaquerok Bizikidetza Lantzen programaren nondik norakoak azaldu dizkie gaur goizean Zarauzko udal taldeetako ordezkariei. Bileran izan dira Xabier Txurruka alkatea (EAJ), Udal Gobernuko kide Gloria Vazquez (PSE-EE) eta gainontzeko udal taldeetako bozeramaileak: Mikel Goenaga (EH Bildu) eta Ana de Benito (Irabazi Zarautz). Proiektu horren helburua da bake, bizikidetza eta giza eskubideen arloko udal politikak sustatzea, eta horretarako "aliantzak" bilatzen ditu udalerriekin. Ekimenak 300.000 euroko aurrekontua du.

Vaquerok azaldu die aldundiak bizikidetza arloan "lehentasunezko" sei lan ildo dituela: udalbatzan ordezkaritza duten taldeen artean elkarrizketa eta akordioa sustatzea; bizikidetza pluraleko foro eta esperientziak bultzatzea; giza eskubideen esparruan heziketa xede duten ekimenak sustatzea; udaletik biktimei eskaintzen zaien laguntza indartzea; udal mailan memoria politikak garatzea eta presoen bergizarteratze prozesuei ekarpenak egitea.

Hiru lankidetza lerro

Hori guztia kontuan izanda, hiru lankidetza lerro proposatzen dizkie aldundiak udal ordezkariei. Batetik, diru-laguntzei dagokiona. Aldundiak aurreko agintaldian martxan jarritako diru-lagunei jarraipena emango dio, baina sei lan ildoetatik hiru jorratzen dituen urteko jarduera plana aurkeztu duten udalerriei egongo da mugatuta hori. Lan ildo horien artean, derrigorrezkoa izango da lehenbizikoa eta bigarrengoa jasota izatea: sentsibilitate ezberdinen arteko elkarrizketari eta bizikidetza pluraleko foroak bultzatzeari dagozkienak, alegia.

Bestetik, aldundiak lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu oraindik ere esparru horretan jarduerarik aurrera eraman ez duten udalekin edota jarduera konkretuak bultzatu nahi dituztenen erakundeekin.

Jarduera konkretuak zein planak bultzatzea aurreikusten ez duten udalerrietan esku hartzeko prest egongo da aldundia, halaber.

Bizikidetza Lantzen programaren ildo nagusiak azaltzeaz gain, Zarauzko udal ordezkarien proposamenak ere jaso ditu Vaquerok gaurko bileran.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide