Euskal presoak etxeratzeko bidean, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako neurriei babesa adierazi diote eskualdeko dozenaka presok, eta dei egin dute apirilaren 17an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko. Amnistiaren bidean, euskal preso eta iheslariak etxera da manifestazioaren leloa. Martxoaren 13an, Euskal Herri osoko ehundaka preso ohik agerraldia egin zuten Usurbilen (Gipuzkoa). Abian da bidea manifestua aurkeztu zuten , eta adierazi zuten EPPKri eta EIPKri sostengua ematen diotela, eta haien esku uzten dituztela presoen etxeratze bidean hartu beharreko erabakiak. Honakoa azaldu dute Urola Kostako preso ohiek: «Beraiekin bat egiten dugu jasaten duten bortizkeria sistematikoari aurre egiteko borrokaldi eta ahalegin guztietan, baita legedi barneko baliabideak erabiltzeko erabaki eta urratsak ematean ere». Ildo beretik, nabarmendu dute «soilik molde politiko eta demokratikoetatik aurrera egiteko erabakia» babesten dutela. «Gure ekarpen militantea egin nahi dugu Zutik Euskal Herria dokumentuak irekita, borroka armatua baztertzeko ETAren behin betiko erabakiak abiatu zuen bidean», esan dute.
Horrez gain, garrantzitsutzat jo dute gizarteak ere parte hartzea: «Euskal jendartearekin batera ekinez gainditu behar dugu ezartzen diguten langa, estatuek ezarritako blokeoari aurre eginez». Eragileen papera ere nabarmendu dute: «Sakabanaketaren aurka, presoen etxeratzearen alde lanean ari diren edota aldekotasuna adierazi duten eragile guztiei elkarlanerako gonbitea luzatzen diegu».
Eskualdeko herrietako hamabi tabernatan eman daiteke autobuserako izena: Zakelan eta Zurten, Azkoitian; Orkatzen, Azpeitian; Koiote, Zahar Etxeko tabernan eta Uztapiden, Zestoan; soziedadean, Aizarnan; Erniopen eta dendan, Errezilen; Inpernupe eta Nikolen, Zumaian; Arralden, Getarian; Arrano eta Eguzkin, Zarautzen; eta Kolon Txikin, Orion.