Euskal Herriko Itzulian bada txirrindulariak baino biziago ibiltzen denik ere. Zarauzko bizilagun Eduardo Arana gidari azpeitiarrak eta Arritxu Iribar kazetari zumaiarrak motorrean egingo dituzte Itzuliak orotara dituen ia 900 kilometroak. Haien lana beharrezkoa da Euskadi Irratiko entzuleek zuzenean lasterketaren berri izan dezaten.
Aranak eta Iribarrek oso berea sentitzen dute txirrindularitza, eta urteak daramatzate mundu horretan lanean eta laguntzen. Azken Itzuliak batera egin dituzte, baina badute palmaresa lankidetza horren aurretik ere. Aranak 26 urte inguru daramatza txirrindularitzako lasterketetan motorrarekin. Denetik egin du Zarauzko bizilagunak: lotura lanak, bidegurutzeak zaindu, biribilguneak kontrolatu edo kazetari zein argazkilariekin ibili, besteak beste. Profesionalekin, Itzulia, Euskal Bizikleta, Donostiako Klasika eta Ordiziakoa bezalako probetan izan da. Aranaren jardunak, ordea, bide luzeagoa du: astebururo suertatzen zaio kadeteekin, jubenilekin edo 23 urtez azpikoen lasterketetan laguntzea ere. «Gustuarengatik hasi nintzen, eta horregatik jarraitzen dut. Pentsa, oporrak honetarako hartzen ditut, lasterketetan nire zatia jartzeko», azaldu du Aranak. Hark nabarmendu du gidariek egiten duten lana «oso garrantzitsua» dela, «balioan jartzekoa». Izan ere, «ziklisten segurtasuna» dute xede, eta hori bermatzeko irteten dira beraiek errepidera. Iribarrek ere haien jarduna nabarmendu du, eta esan du karrerak ez liratekeela «seguruak» lotura lanak egiten dituzten motodunik gabe.
«Gertutasuna» ezaugarri
Iribarren lehen Euskal Herriko Itzulia 1989an izan zen, eta ordutik jarraitu du proba gertutik. Motoan zein autoz eman du ziklisten berri, baina motoa da garraio hoberena: «Mugitzeko erraztasuna ematen dizu motorrak, baita gertutasuna ere». Hurbiltasuna da, Iribarren arabera, berak egiten duen lanaren bereizgarria: «Hor zaudenean lasterketa bizi duzu, eta hori transmititu egiten da. Hori eskaintzen diogu guk entzuleari». Arana ere ados dago horrekin, eta berarentzat ere «ohorea» da Euskadi Irratiarekin lan egitea: «Euskaldun bezala ardura ona da Euskadi Irratiaren gidaria izatea, gure irratiarena. Gainera, Arritxu ziklismoaren entziklopedia da, eta ez dugu izaten aspertzeko astirik». Biek ala biek ezagutzen dituzte lasterketa guztietako txokoak, eta badakite nondik eta nola jarraitu proba. «Lasterketa irakurtzen dugu, eta geldiuneak non egin, arreta zer lekutan jarri... ikusten dugu», esan du Zarautzen bizi den gidariak.
Emakumeen Bira, zuzenean
Euskal Herriko lasterketa guztiek dute xarma Arana eta Iribarrentzat. Itzulia, Donostiako Klasika, Ordiziakoa, Indurain Saria eta Zornotza zein Getxoko lasterketak aipatu ditu kazetariak. Aurten, beste proba bat ere emango dute zuzenean, Emakumeen Bira. Datorren astean hasiko da, eta munduko ziklista onenak izango dira euskal errepidean.