Aspargi elkarteak Parkinson Gaixotasunaren Ikerketaren aldeko I. Ongintza Ekitaldia egingo du apirilaren 13an, Donostiako Kursaal jauregiko kubo txikian. Horren berri emateko, Aspargiko kideek agerraldia egin dute gaur goizean Zarauzko udalbatza aretoan; izan ere, elkartearen Urola Kostako ordezkaritza Zarautzen dute, Urdaneta kalean.
Jaialdiak bi helburu nagusi ditu: batetik, elkartearen jarduna ikustaraztea eta bestetik, Parkinsonaren gaixotasuna ikertzeko proiektu baterako dirua biltzea. Halaxe azaldu du Aspargiko lehendakari Carmen Olazabalek. Apirilaren 11 Parkisonaren Nazioarteko eguna izan ohi da, eta urtero jardueraren bat antolatu ohi dute, baina "aurten zerbait handiagoa antolatzea erabaki dugu".
Ekitaldiaren koordinatzailea Pascal Gaigne konpositorea izango da, Parkinsoneko gaixoa eta elkarteko kidea, eta Olatz Beobide eta Asier Hernandez ariko dira aurkezle lanetan. Guztira, 80 artista inguruk hartuko dute parte bertan: Orquesta Bisutera, Amaia Zubiria eta Ainara Ortega abeslariek, Aiert Beobide dantaria, eta Iñaki Dieguez eta Aitor Furundarena akordeoi jotzaileek, besteak beste.
Ekitaldiaren bigarren zatiaren hasieran, Aspargi Saria banatuko dute, eta Aspargiko aholkulan doktore Gurutz Linazasorok Gipuzkoako Parkinson gaixotasunaren ikerketa biomedikuaren egoeraren inguruko informazioa emango du.
Ekitaldiko sarrerak 19 euro balio du, eta jaialdian lortutako dirua lehiaketa bidez egokituko duten ikerketa proiektura bideratuko dute.
2007tik Zarautzen
Aspargi Gipuzkoako Parkinson Elkartea Donostian sortu zuten 2000. urtean, eta Zarauzko ordezkaritza 2007an jarri zuten abian. Udalarekin elkarlanean, Aritzbatalde kiroldegian igeriketa eta gimnasia egiteko aukera ematen zaie astean bitan, asteartetan eta ostegunetan. Era berean, astean behin logopeda, fisioterapia eta kiromasaje zerbitzua izaten dute, eta hilean behin Nagore Bengoa neuropsikologoa etortzen da bulegora, autolaguntza taldea gidatzera. Gaixoei ez ezik, familiako kideak informatu eta haien zalantzak argitzen saiatzen dira. "Senitartekoek lasaitasun handia hartzen dute, gainera", gaineratu du Bengoak.
Egun 25 gaixok hartzen du parte Zarauzko ordezkaritzako zerbitzuetan. Hala eta guztiz ere, eskualdean 80-90 izan daitezkeela kalkulatzen dute. "Badakigu gehiago direla. Horregatik, gure ateak zabalik daude, batez ere informazioa emateko", azpimarratu du elkarteko presidenteak.
Zarauzko Hirugarren Adinekoen zinegotzi Miren Letamendiak elkartearen zeregina balioan jarri du: "Pertsona hauek aktibo mantentzeko eta gizartea sentsibilizatzeko lan handia egiten du elkarteko kideek". Alde horretatik, eskerrak eman nahi izan dizkie elkarteko kideei, eta Udalak elkartea laguntzen jarraituko duela nabarmendu du. "Hori dela eta, Udalak bat egingo du ekitaldiarekin".
Informazio gehiagorako: 943-32 77 15 eta 943-4 56 17 telefonoak, eta aspargi@aspargi.org posta elektronikoa.