Aldaketak herriko hainbat kaletan

Zarauzko Hitza 2016ko apirilaren 6a

Bizkaia kaleko piboteak kenduko dituzte eta Mantzisidor kalean norabidea aldatu dute dagoeneko.

Aurreko agintaldian piboteak jarri zituzten Salberdingo aparkalekuaren ondoan, Bizkaia kalearen zati hori trafikoari moztuz. Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) pibote horiek kentzea eta bidea ibilgailuei irekitzea erabaki du. Aste honetan pintaketa lanak egingo dituzte, eta ibilbide horretan 30 kilometro orduko abiaduran joan ahal izango da gehienez ere, oinezkoen nahiz bizikletan doazenen segurtasuna bermatzeko.
Mugikortasun zinegotzi Maite Garrastazuk adierazi duenez «herritar ugarik» eskatu dute Bizkaia kalea trafikoari irekitzea. Bere esanetan, kalea ordu puntetan itxita egoteak Araba kalea «erabat kolapsatzea» ekarri du, eta «azken urte hauetan arazoak eman ditu». Aldaketarekin Araba lehengo egoerara itzultzea eta trafikoa arintzea da asmoa.
Norabidea aldatuta
Bizkaia kalekoa ez da aldaketa bakarra; izan ere, duela bi aste lanak egin zituzten Mantzisidor kalea norabidez aldatzeko. Horren helburua kale horren eta Nafarroa kalearen arteko bidegurutzean segurtasuna hobetzea izan da.  Izan ere, Garrastazuk esan du «puntu beltz bat» dela hori eta hildakoak ere izan direla bertan.
Hala, egun Antoniano ikastetxetik Gipuzkoa kalera jaitsi daiteke, Nafarroa kaletik sartuta, beti ere Getariatik Oriorako norantzan. Oriotik Getariako norabidean doazenek ezingo dute Mantzisidor kalera sartu, marra jarraia mantendu baitute Nafarroa kalean. Horrek, aldi berean, aldaketak eragin ditu Gipuzkoa kalean. Hala, Mantzisidorretik jaistean, Gipuzkoa kalean eskuinera nahiz ezkerrera jo ahalko da. Mantzisidor kalean garajea dutenek Nafarroatik jaitsi beharko dute eta Gipuzkoatik irten.
Aldaketa horien harira, seinalizazioa aldatu dute. Batetik, Gipuzkoa kalean, Telesforo jatetxearen parean, zoruko stop ikurra eta seinale bertikala jarri dituzte, Mantzisidor kalean gora ezin dela joan ohartarazteko. Bestetik, Salegi eta Gipuzkoa kalea batzen diren lekuan, ezkerrera soilik joan ahalko da, San Frantzisko kalera. Lurreko gezia jarri dute, eta stop marka zein seinalizazio bertikala, eskuinera joatea debekatuta dagoela jakinarazteko.
Herriko errepideetan segurtasuna hobetzen jarraitzeko, aurreratu dute Mendilauta-Zumalakarregi eta Bizkaia kalean ere aldaketak egingo dituztela.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide