San Telmo museora sartu, eta ia galduan ibili ostean, koruaren gaineko aretoaren izkinako gelaxkan topatu dut azkenik Zuhar Iruretagoienak, Labore programaren barruan, gauzaturiko proiektuaren erakusketa.
Gelaxka ez da nahigabean erraz topatzen den horietakoa. Pasabide bat da, ia gordean, ia ezkutuan San Telmoko Baserria deritzon atalaren hegal batean dagoena. Bisitari askok, tamalez, baserriari dagokion atala ikusi, areto txikira kanpotik begiratu, eta sartu ere egin gabe, bira ematen dute honela.
Ate txikitik sartuta, ordea, eta ezkerretara dauden sarrerako ohiko paragrafoak ikusi ere egin gabe, begiak aurreko plintora zuzentzen dira, eta eskuak, oharkabean, plintoaren gaineko liburuxka aztertzen hasten dira, orriz orri. San Telmo museoko bildumako koadroen erreprodukzioak daude haietan inprimaturik, 11 bat guztira, lerro urdin, hiruki beltz eta beste gune gorri batzuen gainjartzeekin guztiak ere. Koadroen azterketak dira, kolore bakoitzak, arlo ezberdin bat jorratzen duela. Lerro urdinak ihespuntuak dira, koadroetako pertsonaien begiradetatik abiaturikoak. Lerro beltzak, berriz, koadroetako konposizio lerroen nondik norakoak, triangeluarrak gehiengoak, gorputzen artean sortzen diren harremanak salatzen dituztenak. Azkenik, gorriz, elkartze puntuen eremuak ageri dira, gehientsuenak emakumeen eskuenak izanik.
Osorik irakurtzeko: Berria.eus