Bidea ireki dute datozenetarako

Aritz Mutiozabal 2016ko apirilaren 5a

Pauline Ado eta Jonathan Gonzalez igandean, sari banaketan. Pro Zarautz

Pro Zarautz surf txapelketaren balorazio ona egin dute, eta dagoeneko datorren urteari begira lanean hasi dira. Urtez urte lehiari jarraipena ematea da helburua.




Hainbat urteren ondoren, QS  mailako surf txapelketa berreskuratu du aurten Zarautzek eta itzulera «biribila» izan da. Ostiralean hasi eta igandean amaitu zen lehia eta baldintza «ezin hobeak» izan dira egun horietan Oier Illarramendi Pro Zarautz txapelketako zuzendariaren esanetan. «Zarauzko Udala eta World Surf League gustura geratu dira txapelketak eman duenarekin, eta jada hasi gara lantzen datorren urteari begira», aurreratu du.
Hori guztia kontuan izanda, Zarautzen urtez urte surf txapelketari jarraipena ematea da helburua, Illarramendiren arabera: «Guretzat oso garrantzitsua da, baita surflarientzat eta publikoarentzat ere. Azken finean, erreferentzia bat da. Bertako txapelketan lan ona eginez gero, beste proba batzuetan parte hartzeko gonbidapena lortu dezaketelako bertako surflariek eta horrek asko motibatzen du».
Kirol ikuspegitik, balorazio «oso ona» egin du Pro Zarautzeko zuzendariak. «Olatu oso onak izan ditugu, kirolariek maila ona erakutsi dute eta ikuskizun izugarria eskaini». Txapelketa gunean bildu den jendeak eskainitako berotasuna nabarmendu du zarauztarrak: «Espero baino ikusle gehiago izan da eta parte hartu du, kirolariak animatzen. Alde horretatik, oso gustura gaude».
Txapelketaren data «ongi suertatu» dela ere nabarmendu du. Zarautzen maila horretako txapelketak irailean jokatu izan dira orain arte; aurten, ordea, Aste Santuaren ondorenerako antolatu dute. Horrek ere lagundu egin du Illarramendik adierazi duenez. «Martxoan zein  apirilean olatu onak izateko aukera gehiago izaten da orokorrean, eta uste dugu alde horretatik asmatu dugula».
Eguraldiari dagokionez, ordea, gorabeherak izan dituzte. Hilaren 31n zen hastekoa Pro Zarautz 2016, baina, giro txarra tarteko, ostiralera arte atzeratu zuten lehiaketa. «Ostegunean eguraldi oso txarra egin zuen, baina hurrengo egunetan eguraldiak lagundu egin digu, eta alde horretatik oso gustura gaude».
Berdintasunaren olatua
Aurten lehen aldiz emakumeen txapelketa ere  jokatu dute. «Surf federazio bezala apustu egiten ari gara emakumeen parte hartzea sustatzeko, egoera berdinetan. Hasieratik proposatu genuen gizonezkoena eta emakumezkoena egitea, eta babesa jaso dugu». Horren ondorioz, sariak berdindu ahal izan dituzte eta alde horretatik, «oso pozik» agertu da Illarramendi.
«Emakumeek ere olatu onak izan dituzte eta, oro har, parte- hartzaileak gustura geratu dira. Ikuskizun oso polita eskaini dute», azaldu du. «Askotan emakumeak baldintza kaskarragoetan uretaratzen dituzte lehiatzera, eta gu, aitzitik, berdintasuna bermatzen saiatu gara bi kategorietan. Eta, benetan, gozamena izan da emakumeak metro eta erdiko olatu onetan surf egiten ikustea. Maila handia dutela erakutsi dute», gaineratu du Illarramendik.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide