Errotuluak, irudi korporatiboak eta web orriak euskaratzeko laguntzak emango ditu udalak

Zarauzko Hitza 2016ko apirilaren 5a

Apirilaren 27ra arte egin daitezke eskaerak.

Diru-laguntzak eskainiko ditu aurten ere Zarauzko Udalak, errotuluak, irudi korporatiboak eta web orriak euskaraz jartzeko. Guztira, 6.000 euro emango ditu, honela banatuta: 2.250 euro errotuluetarako, 2.250 euro irudi korporatiborako eta beste 1.500 euro web orriak euskaratzeko.

Hainbat baldintza bete beharko da laguntza hori eskatzeko. Errotuluei eta irudi korporatiboei dagokionez, esaterako, euskaraz soilik egon beharko dute idatzita, euskara zuzenea erabiliz. Errotuluen kasuan, gainera, establezimenduetan kanpora begira jartzen diren inskripzioek ere euskaraz idatzita egon beharko dute.

Ez dute diru-laguntzarik eskainiko errotuluetan zein irudi korporatiboetan izen bereziak bakarrik agertzen baldin badira; langintza motaren edo jarduera profesionalaren adierazlea hartuko da kontuan laguntzak ematerakoan.

Web orriak euskaraz jarri nahi dituztenek helbide fiskala Zarautzen izan beharko dute. Horrekin batera, eduki osoa euskaraz dagoela ziurtatu beharko dute, hizkuntzaren kalitatea eta zuzentasuna bermatuz. Halaber, webgunea elikatu beharko dute.

Udalak eskatzaile bakoitzari behin emango dio diru-laguntzak eta onuradunak konpromisoa hartuko du elementuak euskaraz izaten jarraituko duela. Apirilaren 27ra arte egin daitezke eskaerak, Euskara Zerbitzuan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide