Mila esker denoi!
Gutunaren hasierak amaiera dirudien arren, ezin genuen eskerrak ematen baino hasi gutuna. Mila esker martxo morean zehar antolaturiko ekimenetan parte hartu duzuen herritar guztiei, eta bereziki mila esker larunbat honetan goiz, eguerdi zein arratsaldean parte harturiko guztioi. Mila esker herriko txoko ezberdinak berrizendatu zenituzten herriko eragileetako emakume guztioi, guretzat ez da goiz bateko kontua izan, ez da sinbolikoan geratu, denon txoko bihurtu ditugu, eta edukiz jantzi. Mila esker emakume bazkarian parte hartu zenuten guztioi ere. Lehen urtea genuen aurtengoa formatu honetan, baina ziur gara ez dela azkena izanen.
Honekin bat, eskerrak eman nahi dizkiegu ekimen guzti horretan elkarlanean aritu garen eragile eta norbanako guztiei. Besteak beste, Berdintasuneko Udal kontseilua, Hitzez, Bidez Bide, Ernai, Atalka saioa eta Arraio irratia, AEK, EHE, Emakume bertsolariak, Batukada feminista, Emakume begiraleak, Emakumea surflari, Dantza ezberdinetako emakumeak, Duintasuna Pentsionisten Plataformako emakumeak, Emakume musikariak, Putzuzulo Gaztetxea eta Xakela asanblada, Zarauzko Udala, Arrano Kabia Kultur Elkartea, Lakari, Laia, Txiki Polit, Eutxourrei, Sorginak eta Bilgune Feminista. Eta jakina, norbanako bezala elkarlanean aritu zareten hainbat eta hainbat emakume. Mila esker! Denon ekarpena ezinbestekoa izan da egun, aste, hilabete, borobila izateko aurtengo martxoa.
EmakumeOn Herri Bazkaria elikadura subirautzan oinarritua izan zen. Bertako eta garaiko elikagai eta osagaiak aukeratu genituen eta hemen inguruko denda ttiki eta produktore anitzekin elkarlanean atera genuen aurrera bazkaria. Horregatik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Laia, Lakari, Borda edota Oñatiko neskei, beren baratzeko berdura goxoak gureganaino elkartzeagatik. Baita bazkaria posible izateko azpiegitura erraztu zigutenei, mila esker, Eutsourrei taldeari, bere materiala uzteagatik, Arrano Kabia Elkartea bere elkartea eta bertako materiala hiru egunetan gure eskura jartzeagatik, baita Txiki Polit ere batidora handia uzteagatik. Ezin aipatu gabe utzi, Eguzki taberna, Garoa liburu-denda eta Lakari bazkariko txartelak salgai eta eskura jartzeagatik. Bazkari honen prestaketa zuei eskerrak posible izan da, hau ere elkarlanean atera dugu aurrera.
Udalarekin ere aritu gara elkarlanean. Harreman honek eman du fruiturik baina uste dugu elkarren arteko lanak oraindik ere emaitza hobeak eman ditzakeela. Guk gure aldetik, udalari, lankidetza hau baloratzea eta egindako lanaren errekonozimendua eskatzen diogu. Gure nahia da, aurrerantzean egingo diren ekimenetan ere udalaren babesa jasotzea, azpiegiturak eta bitartekoak eskura jarriz eta udal ordezkarien parte hartzea ekimenetan ziurtatuz.
Jakin badakigu egunerokotasunean asko garela eremuz eremu borrokan dihardugun emakumeak, batera zein bestera. Eta hau azalera atera eta zentroan jarri nahi izan dugu. Eta zintzoki, uste dugu denon lanarekin lortu dugula.
Ez da ezer amaitu, hasi baino. Lankidetza eremu politari bide eman diogu, denon lana balorean jarriz eta argitara ateraz.
Mila esker beste behin denoi! Gora emakumeon borroka!