Zortzigarren aldiz, Udaberriko Lore eta Landare Azoka antolatu dute Dekolore natur azokak eta Zarauzko Udalak. Larunbatean, Zigordia kalean jarriko dituzte postuak, 10:00etatik 14:00etara. Erakundeak azaldu duenez, "bertako zein kanpoko" saltzaileak izango dira azokan, eta mota guztietako landareak jarriko dituzte. Landare eta loreez gain, mundu horrekin uztartuta dauden beste produktu batzuk ere eskainiko dituzte: xaboiak, kosmetika, sendagai naturalak, haziak, sendabelarrak, lore lehorrak, pitxiak eta abar.
"Zuzeneko harremana"
Azokaren ezaugarri nabarmenetako bat da bezeroek aukera dutela ekoizlearekin "zuzeneko harremana" izateko. Udalak esan du horregatik sustatu nahi dituela halako saltokiak: "Azokak gure kulturan oso txertatuta dauden egitasmoak dira. Betidanik, baserritarrek eta artisauek zuzenean saldu izan ohi dute merkatuan". Horrek "konfiantza handiagoa" sortzen du saltzaile eta kontsumitzaileen artean", nabarmendu dute.