Zarautz izango da 'Bidea 2016' egitasmoaren lehen geltokia

Zarauzko hitza 2016ko martxoaren 21a

(Donostia 2016)

Donostia 2016 kultur hiriburutzaren baitan antolatu dute 'Bidea 2016' proiektua. 32 etapetatik lehena Donostiatik irten eta Zarautzen bukatuko da igandean, eta hainbat geldialdi egingo ditu. Mendi ibilaldian parte hartzeko, izena eman behar da.

'Bidea 2016' egitasmoa antolatu dute Donostia 2016 kultur hiriburutzaren baitan, eta Donostiatik Zarautzera izango da lehen txangoa, datorren igandean. 32 etapatan banatuta, Gipuzkoa zeharkatuko dute oinez parte hartzen dutenek; kirola, kultura eta historia uztartuko dituzte bidean. 27,3 kilometroko saioa izango da igandekoa, Donostian, Orion eta Zarautzen geldialdiak eginda. Antolatzaileek azaldu dutenez, zailtasun "baxuko" mendi bueltaxka izango da.

Honakoa da iganderako antolatu duten egitaraua:

08:30: Marinelei omenaldia, Donostiako Alderdi Ederren.
09:30: Agurra, Donostiako ondarretan.
13:30: Juana eta argonautak saioa, Orioko plazan.
16:30: Kalejira Zarauzko malekoian.
17:00: Flauta kontzertua, Lege Zaharren enparantza.
17:00: Artisautza azokara bueltaxka.

Goizean goiz autobusak jarri dituzte Donostiara joateko; eta, ondoren, Zarauztik Oriora zein Donostiara itzultzeko ere prestatu dute zerbitzua. Goizez, 07:45ean aterako da autobusa Zarauztik, Gipuzkoa kaletik; 08:00etan, berriz, Oriotik, Aita Lertxundi kaletik igaroko da. Iluntzean, bi autobus egongo dira: zuzenean Donostiara joango da bat, 18:15ean Sanz Enea kultur etxetik irtenda; bestea, Orion geldituko da, hura ere 18:15ean irtengo da Sanz Eneatik.

Izena eman behar da

Txangoan parte hartzeko aurrez izena eman behar da. Zazpi euro balio ditu inskripzioak, eta autobuseko joan-etorria zein asegurua ordaintzen dira horrekin. Behin izena emanda, lau etapa egiteko aukera izango dute herritarrek. Esate baterako, igandeko etaparako izena emanda, Gernikara (Bizkaia) arteko bidea egiteko aukera izango dute hala nahi dutenek. Udaletxean eman daiteke izena. Bestalde, Donostia 2016k honako aukerak ere jarri ditu ordainketa egiteko: beraien webgunean, Donostia 2016ko egoitzan, Euskadiko kanpinen elkartearen egoitzan.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide