Urtero legez, Zarauzko Aste Santuak «garagardo usaina» hartuko du. Zarautz Rugby Taldeak 16. urtez antolatu du azoka arrakastatsua bost egunetarako, martxoaren 23tik apirilaren 2ra, hain zuzen. Asteazkenean zabalduko dituzte Munoako karpako ateak; Basque Lifeguards taldea arduratuko da inaugurazioaz. Sorosleak bi aldiz izan dira Lesbosen (Grezia), uhartera itsasoz heltzen ziren errefuxiatuei laguntzeko. ZRTk haiek egindako lana aitortuko diete azokaren irekieran.
Zenbait berrikuntza izango da aurten. Bigarren egunean, ostegunean, garagardo dastaketa irekia egingo dute Iñaki Suarez Euskal Herriko sommelierren lehendakariarekin. Adituak askotariko garagardoen berezitasunak aztertuko ditu, eta azalduko du zein jakirekin uztartzen diren ondoen. Doan hartu daiteke parte saio horretan.
Ohi bezala, «urtean zehar dastatzeko zailak» diren garagardoak —bi Affligem mota, hiru Paulaner, Guinness, Murphy’ s, besteak beste— eskainiko dituzte azokan ohikoez gain, «alemaniar estiloko jakiekin» lagunduta. Aurten, berritasun modura, hiru saltxitxa ezberdinez osatutako platerak eta iaz «arrakasta handia» izan zuten patata gratinatuak errazioka ere eskainiko dituzte. Era berean, labean erretako zerri ukondoa, oilaskoa eta postre ugari ere dastatuko dituzte Munoako karpara joaten diren herritarrek zein bisitariek.
Gainera, afaltzeko mahaiak erreserbatzeko aukera egongo da. Bi txandatan eskainiko dituzte afariak: 20:30ean eta 22:00etan. Izena emanez gero, lekua gorde ahalko da aurten.
Autobus zerbitzu bereziak
Hori guztia biribiltzeko, urtero legez, kontzertuak izango dira gauero Howdy, The Vartools, Fan &Go, Unsain eta Ezinke taldeen eskutik, haurrentzat jarduerak begiraleekin eta baita mus txapelketa ere, hiru usteletara. Bertan parte hartzeko Itxas Lur eta Salegi tabernetan eman beharko da izena aurrez, martxoaren 24a baino lehen, eta azokako lehiatilan egunean bertan, 15:00ak arte. 20 euro ordaindu beharko da bikoteko.
Aurten ere, autobus zerbitzu berezia jarri dute eskualdeko herrietatik Zarautzera joan eta itzultzeko, Garagardo Azoka dela-eta. Azkotitik eta Donostiatik helduko eta Zarauztik bueltan joango dira autobusak ordutegi zabalean, beste hainbat herritatik pasatuta. Ordutegiak www.lurraldebus.eus webgunean aurki daitezke.