Ikastaro bana eskainiko dute blog bat sortzen eta photoshop-a erabiltzen ikasteko

Zarauzko Hitza 2016ko martxoaren 16a

Zarauzko Kultura sailak eta Artezaleak taldeak elkarlanean antolatu ditu. 

Apirilean bi ikastaro eskainiko dituzte Ebro Etxean, Zarauzko Kultura sailak eta Artezaleak taldeak antolatuta. Batetik, photoshop ikastaroa eskainiko dute hasiberrientzat eta, besteak beste, argazki-muntaiak egiten, testuak maketatzen eta argazkiak konpontzen ikasiko dute bertan parte-hartzaileek. Hiru saio izango dira, apirilaren 5ean, 12an eta 19an, 16:30etik 19:00etara. 35 euro ordaindu beharko dira.

Bestetik, blog bat nola sortzen den ikasteko aukera ere izango da. Blog baten atalak zeintzuk diren eta nola sortzen diren azalduko zaie parte-hartzaileei ikastaro horretan. Wordpress programa baliatuko dute horretarako. Apirilaren 26tik hasita, sei saio izango dira, asteartero, 16:30etik 19:00etara. 70 euro kostako da ikastaro hori.

Bi ikastaroak Maria Villalonek eskainiko ditu.

Ebro Etxean eskura daiteke informazioa eta baita izena eman ere, bertaratuta (Zumalakarregi, 16), artezaleakzarautz@gmail.com helbidera idatzita ala 943-835568 telefonora deituta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide