Europa ekialdeko errefuxiatuei laguntzeko dirua biltzeko asmoz, Hotz Zarautz plataformak ekitaldi sorta betea antolatu du datozen egunetarako. Zarautz Rugby Taldeak antolatutako Garagardo Azokarako —martxoaren 23tik 28ra izango da hori— Munoan karpa dagoeneko jarri dutela aprobetxatuz, elkartasun ekitaldiz beteko dute plaza ostiraletik igandera bitartean.
Asteburuko jaialdiaren aurretik, ordea, gaur hitzaldia eskainiko dute Zarautz eta Orioko sorosleek, Basque Lifeguards taldeko kideek. Urtarrilean izan ziren bigarren aldiz Lesbos uhartean (Grezia) errefuxiatuei laguntzen, eta bertan izandako bizipenak azaldu eta ateratako argazkiak erakutsiko dituzte gaurko hitzorduan, Zarauzko Modelo aretoan 19:30etik aurrera. Sarrera doan izango da.
Ostiralean ordu berean zabalduko dute jaialdirako karpa, eta hortik aurrera musika kontzertuak, bertsoak eta tailerrak izango dira, besteak beste. Horrekin batera, Basque Lifeguards taldeak Lesbosen ateratako argazkiak ere erakutsiko dituzte. Putzuzuloko jantoki beganoak 50 pertsonentzat afaria eskainiko du larunbatean eta Eutxourrei konpartsak bazkaria igandean. Egunero, taberna ere izango da Munoako karpan. Bestalde, elastikoak, motxilak, metxeroak eta poltsak ere salduko dituzte, dirua biltzeko.
Materiala bidaltzeko
Hiru egunetarako sarrera 3 euro kostako da helduentzat eta euro eta erdi haurrentzat. Horrez gain, kontu korronte bat ere jarri dute herritarren ekarpenak jasotzeko. Lagundu nahi dutenek Laboral Kutxako 3035-0029 64 0290096693 kontu korrontera sar dezakete dirua. Printzipioz, asteburuko jaialdiarean bilduko duten diru kopurua errefuxiatuei arropa eta askotariko materiala bidaltzeko baliatuko dute.
«Basque Lifeguards sorosle taldeak urtarrilean egin zuen bigarren bidaia Lesbosera, anbulantzia batean. Hori aprobetxatuz, haien inguruko jendea arropa biltzen hasi zen, errefuxiatuei bidaltzeko asmorekin», adierazi du Hotz Zarautzeko Agate Burgañak. Haren arabera, ahoz aho zabaldu zen eta jende ugarik eman zuen arropa.
Material hori guztia Orioko lokal batean gorde zuten une horretan. Egunotan Bergaran, Agurainen eta Orion jasotako arropa bateratu dute Getariako Indaux enpresan eta atzo bertan ziren Baso Beltza (Alemania) ingurura bidaltzekoak.
Baina aurrera begira bestelako materiala jasotzen hasiz gero, azpiegitura handi bat beharko dutela nabarmendu du Burgañak. Lokal bat badute esku artean baina txukundu beharrekoa. Horregatik, udalarekin harremanetan daude elkarlanean atontzeko.
Herritarren erantzuna
Zarauzko Solidaritate Koordinadorako zenbait kidek duela hilabete jarri zuten abian plataforma eta bi bilera egin dituzte boluntarioak biltzeko. Erantzuna «ikaragarria» izan da Burgañaren esanetan; izan ere, dagoeneko 150 herritar inguru agertu dira prest laguntzeko.
Errefuxiatuei laguntzeko hainbat ideia dute buruan eta zereginak banatzeko taldetan egituratu dira. Asteburu honetan guztiak buru-belarri ariko dira lanean. Udalaren laguntza jaso dute azpiegiturei dagokionez eta baita herriko hainbat enpresen ekarpena ere, jaialdia biribila atera dadin. Herritarren erantzuna ere ona izatea espero dute. Hala ere, ez dira jaialdi honetara mugatuko eta aurrera begira ere jarraituko dute lanean, «egoera okertzen doan heinean, errefuxiatuen beharrak ere geroz eta gehiago direlako».