Margolanen hezurdura

Aritz Mutiozabal 2016ko martxoaren 15a

Zuhar Iruretagoiena San Telmo museoko aretoetako batean ari da lanean; aztertu dituen koadroen zati fotokopiatuak ditu zoruan (Aritz Mutiozabal).

Absentia (triangelu gorria, lerro urdina) proiektua lantzen ari da Zuhar Iruretagoiena artista zarauztarra, Donostiako San Telmo museoan; datorren astean bukatuko du egonaldia.

San Telmo museoko areto txiki bat bere egin du Zu­har Iruretagoiena artista zarauztarrak. Baserriko sukaldearen erreprodukzio eszenografikoaren behekaldea sukalde propio bilakatu du, eta bertan dihardu urtarrilaren erdialdetik, Absentia (triangelu gorria, lerro urdina) proiektua egosten. Donostia 2016 egitasmoak garatutako Labore programaren barruan ari da lanean; Donostiako sei museotan egonaldi artistikoak egiteko deialdia egin zuten udazkenean, eta San Telmo museorako Iruretagoienaren proposamena onartu zuten.


Aurkeztutako proiektuek lotura zuzena eta zentzua izan behar zuten museoarekin —bere bildumarekin, eraikinarekin edo gaitegiarekin—, eta hortik abiatuta, berrintepretazio bat proposatu behar zuten. Iruretagoienak San Telmo museoaren XVII, XVIII eta XIX. mendekoondare piktorikoan jarri du arreta. «Horien artean, interesgarria egiten zitzaizkidan kristautasunaren irudikapenarekin zerikusia zuten koadroek. Artearen historiak erlazio zuzena izan du kristautasunarekin, eta garai horietan hasten dira irudi ugari sortzen, gure kulturan egun ere bueltaka dabiltzanak».


Artistak argi utzi nahi izan du kristautasunarekin ez duela inolako harremanik, eta, hain zuzen ere, horregatik heldu ziola erronkari. «Ezagutzen ez dudan honekin guztiarekin nola erlazionatu ninteken ikusi nahi nuen, eta nire artea eraikitze horretatik, nola eman niezaioken begirada garaikide bat».


Koadroen egituraketa

Museoaren bildumako 40 koadro inguru aukeratu eta aztertu ditu, sailkagailu potolo batean jasota. «Irudi edo estetika aldetik oso zaharkituak geratu dira, baina arte eta osatze bezala, gaurkotasuna izaten jarraitzen dute», nabarmendu du. Margolanak nola egituratuta dauden ikertu du, irudia bera alde batera utzita eta konposizioa oinarritzat hartuta. «Koadroa atzetik nola eraikita dagoen erreparatuz».
Oro har, margolanetan ageri diren gorputzen bolumenak elkar nola erlazionatzen diren aztertu ditu.


Ondoren, «gorputzak elkarren artean ukitzen diren puntuak, ikuslearen begirada erakartzen duten puntuak, triangelu gorriekin irudikatu ditut. Eta lerro urdinekin, berriz, gorputzen begiradek norantz bideratzen duten ikuslearen begirada». Sintesi hori eginda, koadroen konposizioekin geratu da —hau da, hezurdurarekin—, eta horietako batzuk hiru dimentsiotara pasatu ditu eskultura txikiak eginez.
Era berean, nerabeekin jardunaldi pare bat egingo du, eta haiekin antzeko gauza bat egin nahi duela aurreratu du: «Gorputzen arteko konposizio bat egin beharko dute, eta argi-proiektore eta laser bidez gorputz horiek non ukitzen diren eta begiradak norantz bideratzen diren eraikiko ditugu». Martxoaren 9an eta 10ean egingo ditu jardunaldiak, Donostiako eta Bordeleko ikasleekin.


«Interesgarria egiten zait nerabeekin lan egitea, eta erakustea artean funtzionatzen duten gauzak berdinak izaten jarraitzen dutela egun ere». Performatibitate kutsua duten jarduerak izango dira, eta ikasleek beraiek aukeratuko dute konposizioko pertsonaiak izan nahi duten ala argiekin lan egin. «Iruditzen zait adin horietan oso polarizatuta dagoela protagonista izan nahi  dutenak eta oso lotsatiak direnak. Horregatik, azken argazkirako protagonista izan nahi zuten ikasleak konposiziotik aterako ditut, eta argiak bakarrik utziko ditugu. Beraz, protagonista izan nahi zuten horiek ez dira argazkian aterako, beraien joera hori irauli nahian».


Aztertu dituen koadroetan deigarria egin zaio kristautasunak eginiko emakumearen irudikapenarekin. «Santak edo amabirjinak eskuak elkartuta edo bat bestearen gainean agertzen badira, feminitatearen postura edo jarrera bezala ikusten da, behin eta berriro errepikatzen dena. Oso koadro gutxitan ikusten da beste ekintza bat burutzen». Horren haritik, molde batzuk sortu ditu, aipatu eskuen zementuzko eskulturak egiteko.


Erakusketaren irekiera

Egonaldia martxoaren 15ean bukatuko du, eta egun horretan bertan landutako proiektuaren erakusketa inauguratu du. Bertan, jasoko ditu eskulturak, jardunaldietako bideoa eta «niri arreta deitu didaten koadroen zatiak, fotokopia handietan». Azken emaitza ez daki zein izango den, ez du zehaztu oraindik. Izan ere, artista zarauztarrak «oso modu prozesualean» egiten du lan: «Zerbait bilatu eta emozionatzen nauen heinean osatzen joaten naiz».

 

«Halakoetan artista bera bihurtzen da artelan, eta ez sortzen ari dena»

Museo batean lan egitea «esperimentu bat» izan dela nabarmendu du artista zarauztarrak: «Oso ezberdina da hemen lan egitea eta uneoro bisitariak aretora sartzea, edo nire estudioan bakarrik aritzea». Esperimentu bezala, «ongi» egon arren, bere zailtasunak ere badituela aitortu du. «Azken finean, hau erakusketa gela bat da, eta eskulturak ezin izan ditut bertan egin, oso zaila da estudioan duzun azpiegitura guztia bertan izatea. Beraz, egoerara moldatu behar izan dut».  

Honakoa ez da bere aurreneko egonaldi artistikoa; aurretik eginak ditu Hendaian eta Austrian, esaterako. Oraingo honetan, ordea, ezberdina izan da: «Oso agerian egon naiz». Labore programan ez zuela halakorik ulertu dio, eta jakin izan balu agian ez zela ausartuko. «Nire lan egiteko modua oso intimoa da. Asko kostatzen zait kontzentratzea jendea baldin badago. Gainera, errespetu handia diot sortzeko prozesuari».


Alderdi hori ez du oso gustuko: «Labore programan erakutsi nahi dute proiektu artistiko bat gauzatzeko prozesu guztia, eta ulertzen dut hori interesgarria dela museoarentzat eta ikuslearentzat. Halakoetan, baina, artista bera bihurtzen da artelan, eta ez artista sortzen ari dena». Prozesuan «objektualizatu» egin dutela dio, eta «nik ez dut performancerik egiten». Bere lana erakusteko beste bide batzuk ba-
daudela uste du, «ni eta nire lana ikuskizun bihurtu gabe».

Hori horrela, akordio batera iritsi da antolatzaileekin, eta «gai ikusten naizenean bertan egoten naiz eta nahi ez dudanean ez. Ez didate atea ixten uzten, baina joan egiten naiz».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide