Zarautzen jokatu zuten asteburuan Kantauri Surf Ligako 9. jardunaldiko saioetako bat. Etxekoek goi mailako taldea osatu zuten eta Zurriolakoek talde gaztea, Noa Iturripearen gidaritzapean. Bi maila osatu zituzten. Zarauzko Lander Davila, Ruben Vitoriak eta Asier Iriondok maila ona erakutsi zuten eta 32-19 emaitzarekin nagusitu ziren etxekoak. Deban jokatu zuten bigarren saioa AOST eta etxeko Zurrunbilok, txapelketa herrikoiarekin batera. Bi taldeek lau kategoria osatu zituzten eta saio parekatua izan zen. Hala ere, debatarrek etxean jokatzen zutela baliatu eta 37-31 nagusitu ziren.
Donostiako proba bertan behera geratu zen, getxoztarrek ezin izan zutelako taldea osatu.
Larunbatean jokatuko dute 10. jardunaldia: 15:30ean Zarautzen, ZSEI eta AOSTen artean eta 16:00etan Deban, Zurrunbilo eta GSTn artean. AOST mendean hartuz gero, ligako saria eskuratu dezakete zarauztarrek.
Hona hemen sailkapen orokorra:
1. Zarauzko Surf Elkartea: 22 puntu.
2. Zurrunbilo Ur Kirol Elkartea: 18 puntu.
3. Artzabal Ogoñope Surf Team: 16 puntu.
4. Getxo Surf Taldea: 15 puntu.
5. Zurriola Surf Eskola: 14 puntu.
6. Patris Surf Elkartea: 11 puntu.