Suhiltzaileen eginkizuna bertatik bertara ezagutzeko aukera

Aritz Mutiozabal 2016ko martxoaren 12a

Zarauzko suhiltzaile parkean bisita gidatuak eskaintzen ari dira asteburu honetan; gaur goizean bi txanda egin dituzte –bata, 10:00etan, eta bestea 12:00etan–, eta bihar beste bi egingo dituzte ordu berean.

Martxoaren 8a Suhiltzaileen Eguna izan zela eta, ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte Gipuzkoako suhiltzaile etxeetan. Egitasmoaren helburua da zerbitzua bera eta suhiltzaileen jarduna ezagutzera ematea herritarreu. Hori horrela, zerbitzuaren ezaugarriak, baliabideak, etxeak, egitura eta funtzionamendua azaltzen aritu dira bertaratu direnei.

Zarauzko parkeko suhiltzailetako bat da Iñigo Arruti oriotarra. Egitasmoak izan duen erantzunarekin gustura daudela adierazi du: "Gaur 60 lagun izan ditugu gutxi gorabehera, eta bihar 80 bat espero ditugu. Beraz, asteburu osoan 150 inguru izango dira. Jendearengan interesa sortu du, jakin-minez etorri dira eta oso pozik gaude".  Parkea 1993an ireki zen, eta hasierako urte haietan halako bisita irekirik egin izan zutela dio Arrutik, baina gerora ez zuen jarraipenik izan. Aurten berreskuratu egin dute.

Suhiltzaileen ibilbidea, zeregina eta funtzionamenduari buruzko hitzaldi batekin eman diote hasiera bisitari. Ondoren, parkea ezagutu dute, bertako baliabideak nahiz instalazioak, eta azkenik, erreskate itxura bat egin dute. "Jende asko uste du su itzaltzera mugatzen garela, baina horretaz haratago doa gure egitekoa. Era guztietako larrialdiak daude, eta guk denetariko eginkizunak egiten ditugu: salbamenduak, erreskateak eta asistentzia teknikoak, kasu". Zerbitzua doakoa dela nabarmendu du Arrutik: "Laguntzeko gaude gu. Beraz, lasai dei diezagutela!".

"Suhiltzaileen lana goraipatzeko"

Bisitarien artean, goizeko lehen saioan izan da Gobernantzako diputatu Imanol Lasa. Bera arduratzen da egun Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuaz, eta ate irekien jardunaldi hau zerbitzuaren beraren ekimenez antolatu da. "Agintaldi honetako helburuetako bat da Aldundiak bere zerbitzu guztien ateak irekitzea, jendeak ikus dezan horietan zer-nolako lana egiten den", azaldu du Lasak: "1.800 langile daude Aldundian, bakoitza bere zerbitzuetan, eta iruditzen zitzaigun suhiltzaileen lana goraipatzeko eta hobeto ezagutzeko garrantzitsua zela Gipuzkoako suhiltzaile parke guztiak irekitzea".

Diputatuak adierazi duenez, "arrakastatsua" izan da egitasmoa. Ia 600 lagunek eman dute izena suhiltzaile parke guztiak kontuan hartuta. "Azkenean, herritarrek jakin behar dute euren zergekin zer nolako zerbitzuak ematen diren, eta horretarako, naturaltasun osoz, erakutsi egin behar zaie".

Horrez gain, lan eskaintza publikoak abian jarriko dituzte aurki, eta beste 25 suhiltzaile plaza berri aterako dituztela jakitera eman du. Aldunditik, gainera, basozaintza, larrialdiak eta suhiltzaileak zerbitzu bakar batean bateratzeko lanean ari dira.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide