Gipuzkoako Foru Aldundiko Gaztemaniak programak deialdia egin du Gipuzkoan antolatuko diren kultur ekitaldietarako artistak aukeratzeko. Zehazki, musika eta formatu txikiko arte eszenikoko emanaldietarako. Horren helburua Gipuzkoako artisten garapen profesionala sustatzea, lurraldeko kultura dinamizatzea eta kultura programzio egonkorra duten guneen ikusgaitasuna bultzatzea da.
Suspertzen ari diren eta musika zein arte eszenikoen esparruan garatu nahi duten artistei dago zuzenduta, profesional zein erdi profesionalei dago zuzenduta. Musikari dagokionez, pop, rock, folk, elektronika, hip hop eta antzeko estiloetako proposamenak onartuko dira. Arte eszenikoen kasuan, berriz, formatu txikikoak, besteak beste, mikro-antzerkia, bakarrizketak, magia eta performance-ak. Proposamenek originalak izan beharko dute edota haientzat sortuak.
Aurkezten dituzten proposamenen artean 6 musika proiektu eta arte eszenikoetako beste 8 onartuko dira. Gipuzkoan erroldatuta dauden 30 urtetik beherako artistek izango dute lehentasuna. Epaimahaiak—esparru horietako teknikari eta profesionalek osatuko dute— proiektuaren kalitatea zein artisten ibilbidea eta etorkizuna baloratuko du. Parte-hartzaileen generoan eta hizkuntzan oreka bilatuko da.
Proposamenak martxoaren 23ra arte aurkeztu beharko dira Gaztemaniaken webgunean (www.gaztemaniak.eus). Hautatutako artistek ondokoa irabaziko dute: hiru emanaldi Gipuzkoako hainbat gunetan, 400 euro emanaldi bakoitzeko eta proiektua edo artista sustatzeko bideo bat. Musika proiektuak aurkezten dituztenak, gainera, Gaztemaniak programako talde profesional baten hasierako gonbidatu gisa aritzeko aukera izango dute.