Zarauzko suhiltzaile zerbitzuan bisita gidatua eskainiko dute asteburuan, larunbatean zein igandean. Martxoaren 8a Suhiltzaileen Eguna dela aitzaki hartuta antolatu dituzte ate irekien jardunaldiak. Helburua zerbitzua bera ezagutaraztea da, besteak beste, horren ezaugarriak, baliabideak, etxeak, egitura eta funtzionamendua azalduz. Suteak itzaltzeaz gain, beste hainbat eginkizun ere aurrera eramaten dituzte, salbamenduak, erreskateak eta asistentzia teknikoak, kasu.
Bi txanda izango dira, 10:00etan bata eta 12:00etan bestea. Saio bakoitzak ordu eta erdi inguru iraungo du. Txandak antolatu ahal izateko, izena eman beharko da aurrez suhiltzaileak@gipuzkoa.eus helbidera idatzita. Mezuan, parte-hartzaileen izen abizenak zein telefono eta jatorria adierazteaz gain, zein parke bisitatu nahi den zehaztu beharko da, eta baita zein txandetan ere.
Jardunaldiok Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuak antolatu ditu, eta Zarauzko suhiltzaile etxeaz gain, Azpeitiko, Irungo, Ordiziako, Eibarko eta Legazpiko parkeak ere ezagutu ahalko dira data horietan.