Saharautz elkarteak martxan jarri du berriz ere Oporrak Bakean programa. Horren helburua, desertuan bizi diren haurrak etxean hartzea da, udako hilabeteak Euskal Herrian pasatu ditzaten. «Desertuan bizi diren ume hauentzat funtsezkoa da uda mineko beroaldi itogarriari ihes egin, gure artera etorri eta mediku azterketak egitea», nabarmendu dute Saharautz elkartetik.
Haien arabera, haur horientzat «benetan garrantzitsua» da bi hilabetez ongi jan eta pilak kargatzea, «beraiek gure etxea umore, kolore eta goxotasunez betetzen dituzte aldi berean». Gainera, Saharautz elkartasun taldetik adierazi dute haur horiek direla «herri zapaldu horren enbaxadorerik onenak».
Azken urteetan «izugarri» jaitsi da familia hartzaileen kopurua, eta aurten ere «ahalegin berezia» egin behar da. Horregatik, Saharautzek herritarrak haur horiek hartzera animatu dituzte. Oporrak Bakean programan parte hartu eta informazio zabalagoa eskuratu nahi dutenek 686-569033 telefono zenbakira deitu dezakete eta saharautz.elkartea@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali.