Jakinarazi du biohondakinaren goi kudeaketarako tarifa 157,38 eurokoa gehi %10eko BEZa izango dela, aurrekoa baino %20 gehiago —131,15 euro zen lehen—. Organikoaren goi kudeaketarako tarifa, berriz, 125,89 eurokoa izango da, %10eko BEZa gaineratuta. “Aurreko tarifa 65,57 eurokoa izanik, %92ko igoera izango du”. Adierazi du, orain arte hondakinak ongi bereizteak fiskalitatean “eragin positiboa” izan duela herritarrengan, organikoa birziklatzeagatik saritu egiten zituztelako herritarrak. “Orain, aldiz, organikoarena errefusaren tarifarekin parekatu dute EAJk eta PSE-EEk, ia %100 igoz”.
Kezkatuta dago Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako EH Bildu: “Hondakinak bereizteko sustatze politikak bultzatu beharrean, hondakin mota guztien tarifak parekatuz, sailkatzearen beharra galtzeaz gain, ez da bereizketarik egiten hondakinak bereizten dituenaren eta ez dituenaren artean”. Neurriok bilketa sailkatuan egin behar den lana “zapuzten” dutela eta organikoa bereizten ahalegintzen direnak “zigortzen” dituela esan dute.
“Errauste planta atzean”
Igoera horren atzean, Zubietako errauste planta dagoela “begi bistakoa” da koalizioaren ustez. Gogoratu dute pasa den agintaldian aldundiak alde batera utzi zuela proiektu hori, herritarren eskaera, osasunean duen eragina zein argudio ekonomikoak kontuan hartuta. Haien arabera, EAJk eta PSE-EEk proposatutako errauste plantak 300 milioiko kostua izango luke, eta “zigortu” egingo lituzte gehien birziklatzen duten herritarrak.
Esan dutenez, 2011n, Markel Olano Diputatu Nagusiaren lehen agintaldiaren bukaeran eta Martin Garitanok bere kargua hartu baino aste batzuk lehenago, GHKk banku zehatz batzuekin “gehiegizko” kontratu bat sinatu zuela errauste planta finantzatzeko. “Inork ez du ulertzen nola sartu ziren EAJ eta PSE-EE horrelako zorpetze erraldoian”.
EH Bilduk dio alternatibak jarri zituela mahai gainean: tratamendu mekaniko-biologikorako planta proposatu zuen, 64 milioi eurokoa, eta hobariak eskaini zizkiela birziklatzen dutenei. Gaineratu dute aldundiak “sekulako dirutza” ordaindu behar diola Kantabriari hondakinak hara eramateagatik, eta “hurbilago beste aukera batzuk” badaudela. “Birziklatzean buru-belarri sakondu baino, berriro ere hondakinak erre nahi dituzte Gipuzkoan”.
Lehenbiziko erabakia «errauste-tasa» bat ezartzea izan da eskualdeko EH Bilduren esanetan, eta ez da “azken igoera” izango. “Errauste plantarekin aurrera egiten badute, eraikuntza ere denon artean ordaindu beharko dugu, gutxi gorabehera 300 milioi euro. Hondakinen tasa Gipuzkoan 300 euro ingurukoa izango da hurrengo urteotan”. EH Bilduk hori ez du “inolaz ere” babestuko.
“Apustu garbia”
Urola Kostako EH Bilduk eskatu dio GHKri “birziklatzearen aldeko apustu garbia ardatz izango duen politika erreal baten barruan kalkulatu ditzala tasen zenbatekoak”; gastuak birpentsatu eta aldatzeko eskatuz. “Horrela, udalek ere herritarren ahalegin horri dagokion fiskalitate justua ezartzeko aukera izango dugu. Urola Kostako Udal Elkarteak ere, teorikoki behintzat, bat egiten du birziklapen politikak areagotzeko beharrarekin”.
GHK-k “inposatutako” tasa horiek, ordea, “erabat kontra” datoz mankomunitateak erakutsitako borondatearekin. Hori dela eta, eskaera horiek bere egin eta GHKri helarazi diezaizkiola eskatu du EH Bilduk. “Birziklagarriak diren hondakinak bilketa berezituaren bitartez jaso behar dira, hori da Gipuzkoan hartu beharreko bidea, eta guri dagokigunez, udal elkartearena ere, orain arte bezala gure apustuari eusten jarraituko dugu, eta horretarako elkarlana eskaintzen”.