Udal baratzeak berrantolatu eta hutsik daudenak zozkatuko dituzte

Aritz Mutiozabal 2016ko martxoaren 8a

Hogeitamar baino gehiago dira erabiltzen ez direnak, eta, horiez gain, 17 baratze berri ere jarriko dituzte erabiltzeko moduan

Zarauzko Udalak 2011n jarri zuen abian proiektua, Abendañon, Munantxo baserriaren ondoan, eta hasieratik erantzun ona izan zuen. «Azken agintaldian, ordea, pixka bat geldituta egon da proiektua, eta orain berpiztu eta indar gehiago emateko gogoa dugu», dio Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek. Hala, erabiltzaileen eta erabili nahi dutenen zerrenda berritzea erabaki dute. Gaur egun 156 baratze daude, eta gehienak erabiltzen ari badira ere, hainbat hutsik geratu dira edo ez dira askorik erabiltzen, arrazoi ezberdinengatik.

Berrantolatzeko plan bat egiten ari direla adierazi du Vazquezek: «Egoki ikusi dugu prozedura berriro martxan jartzea, erabili nahi dutenen zerrenda berri bat osatzea eta zozketa berri bat egitea». Zozketa hutsik dauden udal baratzeak emateko izango dela nabarmendu du, gainera. Hogeitamar baino gehiago dira egoera horretan dauden partzelak, eta horiez gain, beste 17 baratze berri ere jarriko dituzte erabilgarri. «Sail horietan ura sartzen zen, eta lurra bota da erabili ahal izateko. Horiek ere zozketan sartuko ditugu». Beraz, aurrerantzean 173 baratze izango dira.

Zerrenda «zaharkitua»

Bere garaian zerrenda bat osatu zen udal baratzeak erabili nahi zuten herritarrekin, «zaharkitua» dagoelako eguneratu beharra dagoela adierazi du zinegotziak. Izan ere, baratzeak erabiltzeko lehentasuna langabetuek eta erretiratuek dute, eta erabiltzaile batzuen egoera aldatu egin da azken urteetan eta egun batzuek ez dituzte baldintzak betetzen.

Horrez gain, erabiltzaileei eskutitz bat helarazi diete jarraitzeko asmoa duten ala ez jakiteko; erabiltzaileek gehienez ere 10 urtez erabili ahal dute baratzea, eta, momentuz, egungo erabiltzaileei aurrera jarraitzeko edo bertan behera uzteko aukera emango diete. Era berean, erabiltzaileak beraiek direla zinpetzeko konpromisoa eskatuko zaie. «Ziurtatu nahi dugu izena eman duena izango dela erabiltzailea, eta ez beste norbait».

Udal baratzeak Eraztun Berde-Urdina proiektuaren barruan kokatuta daude. Vazquezek azaldu duenez, proiektu horren helburu nagusiak dira natur eremuak kontserbatzea eta kutsadura murriztea. Zentzu horretan, «baratzeak erabiltzeko beste baldintzetako bat da produktu kimikoak edo kutsatzaileak ez erabiltzea. Eta ahal bada, nekazaritza ekologikoaren bitartez jardutea». Horretarako, udalak berak ere konpromisoa hartu zuen prestakuntzak eta ikastaroak emateko, eta bide horretan jarraitzeko asmoa dute.

Udal baratzen eremuan hobekuntza batzuk egiten ari dira: konposta egiteko edukiontzi berri bat, urez betetzen zirenetan lurra bota, lubaki batzuk ireki dituzte… Behin prozesua abian jarritakoan irekiko dute izena emateko zerrenda. Aste Santua aurretik izatea espero dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide