Alua moztetik tradizioa moztera

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 2a

Urruneko kontua dirudi emakumeen mutilazio genitalarenak, baina munduan 30 herrialdetan praktikatzen dute oraindik –esaterako, Senegalgo zenbait eremutan–, eta Urola Kostan bertan hiru kasu atzeman zituzten 2024an; zehazki, Orion. Emakumeen Mutilazio Genitalaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan, Orion eta Iruñean bizi diren Senegalgo emakume banak beren esperientzia kontatu dute, bai emakume gisa, bai profesional gisa. Bat emagina izan zen Senegalen, eta besteak emakumeen genitalen mutilazioa prebenitzeko lan egiten du Nafarroako Munduko Medikuak erakundean. Onintza Lete Arrietak otsaileko Guka taldeko aldizkarietarako idatzitako erreportajea da honakoa. 

Emakumeen Mutilazio Genitalaren Aurkako Nazioarteko Eguna da otsailaren 6a. Gaur egun munduko 30 herrialdetan praktikatzen da gutxiago edo gehiago, eta azken urteetako migrazioen eraginez, emakumeen kontrako indarkeria mota hori Europara iritsi da, baita Euskal Herrira eta Urola Kosta eskualdera ere. 2024. urtean, sexu organoen hiru mutilazio kasuren berri izan zuten Orioko Gizarte Zerbitzuek, horietako bat gauzatu ez zuten arren.

Ez dago emakumeen mutilazio genital (EMG) bakarra, ezta arrazoi bakarra ere indarkeria horren atzean, komunitate bakoitzak berea baitu 0-14 urte arteko neskatoen genitalak mozteko edo josteko. Familiako emakumeak beraiek izaten dira praktika horiek egiten dituztenak, eta mutilazio motaren arabera (ikus erlazionatutako edukia), ondorio fisiko eta psikologiko arinagoak edo larriagoak izaten dituzte EMGaren bizirauleek. Adituek biziraule deitzen diete biktimei; asko, izan ere, hil egiten dira, bai genitalak mozteko unean edo hurrengo egunetan, bai handik urteetara, erditzerakoan.

"Irudiak ikusitakoan konturatu nintzen min ematen ari zitzaizkigula"

Gaiari buruzko artikulu eta informazio asko dago eskuragarri sarean, eta euskal erakundeek protokoloak ere badituzte EMGaren inguruan; besteak beste, delitua delako eta hala dagoelako jasota Espainiako Zigor Kodearen Lesio-Delituetan. Emakundek, esaterako, 2016an argitaratu zuen EMGaren inguruko diagnostiko txostena, ikusita praktika hori ohikoa den herrialdeetako biztanle gero eta gehiago ari zirela iristen Araba, Bizkai eta Gipuzkoara. Datu zehatzak eskuratzea, ordea, ez da erraza. Hedabide honek Osakidetzan lan egiten duten eskualdeko mediku, emagin eta pediatriako erizain banari iritzia eskatu die, eta erantzun ofizialik eman ezin duten arren, are gutxiago izen-abizenekin, pertzepzio interesgarri bezain kontrajarriak eskaini dituzte: batetik, emaginak esan du berak eta inguruko herrietako beste emaginek ez dutela EMG kasurik atzeman azken urte hauetan beren kontsultetan. Bestetik, pediatriako erizainak esan du berari ez zaiola EMG kasurik tokatu, baina badakiela bere anbulatorioko ginekologia kontsultan ikusi dituztela mutilazioa jasandako emakumeak, "eta ez bat edo bi bakarrik". Azkenik, ospitale batean lan egiten duen medikuak uste du EMGaren inguruko datuak baldin badaude, horiek "icebergaren punta bakarrik" erakutsiko dutela.

Argi izpiak iluntasunaren erdian

Datu zehatzen faltan, erakundeek mundu mailako gutxi gorabeherako datuak eman ohi dituzte. Esaterako, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) dio urtean hiru milioi neskato egoten direla mutilazioren bat jasateko arriskuan, eta urtero Afrikako kontinentean 44.000 neskato eta emakume baino gehiago hiltzen direla mutilazioaren eraginez. 

Munduko Medikuak erakundearen arabera, Europan 600.000 emakume baino gehiago bizi dira mutilazio genitalaren ondorioekin. Afrikako eta Asiako hainbat herrialdetan praktikatzen da mutilazioa, eta gaur egun Espainiako Estatuan bizi dira herrialde horietako batzuetako biztanleak, nagusiki Nigeriako, Senegalgo, Gambiako, Maliko eta Guinea Bissauko herritarrak.

Datu ezkor horien artean argi izpiak ere badaude, OMEren arabera, neskato bati mutilazio genitala egiteko probabilitatea heren batera murriztu baita 1990. urtetik.

Senegaldik Oriora

Mariama T. (asmatutako izena) senegaldarra da, eta zazpi urte daramatza Orion bizitzen. Gaiaz baikortasunez mintzo da bera ere, uste baitu azken urteetan gero eta gutxiago praktikatzen dela mutilazioa. "Senegalen, esaterako, etnia guztiek ez dizkiete genitalak mozten neskei, eta azken urteetan sentsibilizazio lan handia ari dira egiten erakundeak: telebistan sarri hitz egiten dute ondorio kaltegarriez, eta osasungintzako profesionalek tailerrak eta hitzaldiak ematen dituzte komunitateetan", azaldu du.

"Senegalen sentsibilizazio lan handia ari dira egiten erakundeak"

Emagina da ikasketaz, eta emagin lanetan aritu zen Senegalen Euskal Herrira emigratu aurretik. Emakumeei erditzen laguntzen zien osasun etxe batean, eta kontatu du han "denetarik" ikusitakoa dela. "Mutilazio motaren arabera, zuzenean zesarea egitera pasatzen genituen emakumeak, erditzeko zuten modu bakarra hura zelako", kontatu du. Erditzeetatik haragoko kasuak ere baditu gogoan, ordea. "Behin 19 urteko neska bat etorri zitzaigun laguntza eske. Mutil-lagunarekin oheratu nahi zuen, baina alu aldea goitik behera josita zeukan, eta guk hura askatzea nahi zuen. Esan genion ospitalean operatu beharko zutela, guk ezin geniola halako ebakuntzarik egin. Haren genitalen irudia grabatuta gelditu zitzaidan", aitortu du, hunkituta.

Dakar hiriburukoa da bera; azaldu du bere etnian ez dela mutilazioa praktikatzen, eta bere familian inork ez duela halakorik pairatu. 11 urteko alaba du, eta lasai joaten da oporretan Senegalera, bai baitaki inork ez duela presionatuko alabari EMG egiteko. "Gauzak asko aldatu dira azken urteetan, eta eskerrak, ikaragarria delako mutilazioak emakumeei eragiten dien sufrimendua".

Informazioa eta prebentzioa gako

Bestelakoa da Farmata Watt senegaldarraren istorioa. Nafarroako Munduko Medikuak erakundean dihardu lanean 2017tik, EMG prebenitzeko herritarrak sentsibilizatzen, baita mutilazioa jasan dutenak artatzen ere. Proiektua 2008an abiatu zuen Fatima Djarra guinea bisauarrak, eta Wattek azaldu du hasieratik "kulturen arteko bitartekaritzaren aldeko apustua" egin zutela. Haren esanetan, bitartekariak garrantzitsuak dira, "komunitatearen eta administrazioaren arteko zubi baitira". Horixe da, hain justu, bere lana: "EMGtik bizirik atera diren emakumeak baliabide soziosanitarioetara bideratzen ditut, eta sentsibilizazio, prebentzio eta arreta lana egiten dut, baita itzulpenak eta kulturen arteko bitartekaritza lanak ere".

"Behin 19 urteko neska bat etorri zen osasun etxera, genitalak goitik behera josita"

Emakumeekin ez ezik, gizonekin ere esku hartzen dute. Neskatoak mutilatzen dituztenak emakumeak diren arren, erakundeak argi du gizonek paper garrantzitsua dutela honetan guztian: "Gizon batek EMG praktikari ezetz esaten dionean, bere ahotsa entzun egiten da. Hori dela eta, gizonekin eskuz esku lan egin behar dugu eta EMGaren borrokan eta prebentzioan aliatu gisa eduki", azpimarratu du.

Kalkuluen arabera, EMG ohikoa den herrialdeetatik etorritako 4.000 emakume eta neskato inguru bizi dira Nafarroan. Datu horietan oinarrituta ari dira lanean Nafarroako Munduko Medikuak erakundean: "Kopuru horiek ikusita, prebentzioa da gure lehentasunezko helburua, ikusi baikenuen mutilazioa errotik ezabatzeko ezinbestekoa dela hemen bizi diren afrikar jatorriko komunitateen osasun baldintzak eta gizarteratzea hobetzea", azaldu du.

Beraiek egiten ari diren lana aitzindaria da Espainiako Estatuan, eta hainbat sari eskuratu dute aitortza gisa. Wattek azaldu duenez, proiektua abiatu zutenetik ia mila pertsonak hartu dute parte modu batera edo bestera. "Hasiera-hasieratik, erakundeak Afrikako emakumeak jarri zituen erdigunean, eta aldaketarako eragile gisa duten funtsezko eginkizuna aitortu zien".

2013an protokolo bat idatzi zuten, eta han jasotakoa jarraitzen dute: formazioa eskaintzen diete hezkuntzako, gizarte zerbitzuetako eta osasun zerbitzuetako profesionalei, baita elkarte jakin batzuei ere. "Hala, neskato batek esaten badu bidaiatzera doala EMG praktikatzen den herrialde batera, eta guk arriskua dagoela ikusten badugu, bitartekari lanak egiten hasten gara". Kontatu du amarekin biltzen direla, eta ahal bada, baita aitarekin ere, eta saiatzen direla pixkanaka azaltzen zergatik den txarra EMG. "Izan ere, EMG praktikatzen den herrialdeetako biztanle gehienok ez dakigu zerbait txarra denik. Haurra zarenean, esaten dizute zerbait ona dela, alde positiboak esaten dizkizute, baina inork ez dizu alde txarrez hitz egiten".

Mutilazioaren ondorioei buruzko informazioa emateaz gain, argi eta garbi azaltzen diete mutilazioa debekatuta dagoela, eta umea mutilatuta itzultzen bada, kartzelara sartuko dituztela bai ama, bai aita, eta umearen kustodia kenduko zaiela.

Farmata Watt, Nafarroako Munduko Medikuak erakundeko langile senegaldarra.

Protokoloaren arabera, ume horren genitalak aztertu behar dira bai bidaiaren aurretik, bai ondoren. Bueltako azterketan ikusiko balute neskatoa mutilatua dagoela, orduan salaketa jarriko lukete.

Protokoloaren barruan, konpromiso ziurtagiria deritzon agiria daukate, eta Wattek azaldu du garrantzitsua dela gurasoek hori sinatzea, "hemen alabak beren gurasoenak bakarrik direlako, baina Senegalen, esaterako, gauzak aldatu egiten direlako; han komunitatearenak dira". Esan du amonak, lehengusinak... eraman dezaketela haurra mutilatzera, "pentsatuz mesede bat ari zaizkiela egiten neskatilaren gurasoei". Horregatik, ziurtagiri hori eramaten dute gurasoek beren herrialdera, beren familiei azaltzeko haur hori Nafarroan jaio dela eta ezin dutela mutilatu, bestela gurasoek kartzelan amaituko dutelako. "Europan gaudenok sostengatzen ditugu gure hango familiak, eta inork ez du nahi gu kartzelara joaterik", mintzatu da, argi.

Mutilazioaren biktima

Mariama T. ez bezala, mutilazioaren biziraulea da Watt. Baina ez da oroitzen mutilatu zuten egunaz, 6 hilabete besterik ez zituelako. Ahizpa zaharragoak kontatu ziolako daki zer egin zioten. Wattek aitortu du berak traumarik ez zuenez eduki, eta beti zerbait ona zela kontatu ziotenez, berak ere pentsatzen zuela mutilazioa ona zela. "Nola pentsatuko duzu, bada, zure amak edo amonak zerbait txarra egingo dizula? Ama batek ez dio bere alabari minik eman nahi, baina hor dago. Oso sustraitua dagoen zerbait da, aldi berean tabua da, eta zaila da horretaz hitz egitea", kontatu du.

"Gizonekin eskuz esku lan egin behar dugu, eta EMGren borrokan eta prebentzioan aliatu gisa eduki"

Nafarroara iritsi eta Fatima Djarra ezagutu zuenean hasi zen gauzak beste era batera ikusten. "Gure etnian beti praktikatu izan den arren, eskolan, esaterako, inoiz ez ziguten azalpenik eman, ezta irudirik erakutsi ere. Fatimak irudiak jarri zituenean, orduan ohartu nintzen min ematen ari zitzaizkigula, gure gorputzean dagoen zerbait inportantea mozten ari zirela. Eta orduan konturatu nintzen nik nituen arazo batzuk mutilazioaren ondorio zirela: hilekoa dudanean sekulako minak izaten ditut, eta gernu infekzioak sarri-sarri". Tailerrak egiten dituztenean, gizon-emakumeei gauza bera gertatzen zaiela azaldu du. Mutilazioak dakartzan ondorioez hitz egiten dutenean, esaterako, mutilazioa jasandako ama batek baino gehiagok esaten dute ez dutela nahi beraiek duten sufrimendu hori beren alabentzat. "Gauza bera gertatzen da gizonekin; ez dute pentsatzen mutilazioa horrenbestekoa izaten denik, EMG biziraule gehienoi lotsa ematen digulako mutilazioaren ondorioez hitz egitea". Irudiak ikusten dituztenean, ordea, gizonek ere mutilazioa gaitzesten dutela esan du.

Emaitzak hor daude: proiektua martxan dutenetik Nafarroan jaiotako neskatorik ez da itzuli mutilatuta bere gurasoen herrialdetik. Wattentzat horixe da albiste pozgarriena, eta horrek sortzen dio ilusio gehien prebentzio eta koordinazio lanean tinko jarraitzeko. 

Erlazionatuak

EMG munduan kokatzeko mapa

Onintza Lete Arrieta mar 02, 09:01 Gizartea

EMG graduak

Onintza Lete Arrieta mar 02, 09:01 Gizartea

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide