'Gure Mazedonia' saioaren bigarren atalean, Azkoitiko andremariak hizpide

Guka Telebista 2024ko abu. 9a, 10:00

Orioko, Azkoitiko, Zarauzko, Azpeitiko eta Zumaiako saioak eskainiko ditu abuztuan, hurrenez hurren, Guka Telebistak. Joan den astean Orioko saioa eman ondoren, atzo, osteguna, Azkoitiko andremariei buruz hitz egin zuten programan. Abuztuan ostegunero 21:45ean, ikusi ahal izango dira saioak telebistan, Mireia Galarza Bastidak aurkeztuta eta Ian Ruiz Lizasok zein Julene Sorarrainek lagunduta.

Abuztua hastearekin batera, Guka Telebistak udako saio berria estreinatu zuen joan den astean: Gure Mazedonia. Abuztuan, ostegunero 21:45ean hasita, Mireia Galarza Bastida kazetariak Urola Kostako herririk handienak bisitatuko ditu uda garaiko gaiak lantzeko asmoz. Gainera, ondo lagunduta arituko da aurkezlea saio berrian, Julene Sorarrain eta Ian Ruiz Lizaso izango baititu bidelagun.

Atzo, bigarren saioa eskainiko zuen Guka Telebistak, hain zuzen, Azkoitikoa. Galarza aurkezleak Angel Mari Arenas Txalkor txistulari taldeko danbor jotzailea elkarrizketatu zuen garai bateko Andre Maria jaien inguruan solasteko; bitxikeriak, anekdotak eta andremariei buruzko bestelako kontuak izan zituen hizpide Arenasek. Sorarrain eta Ruiz saltseroek, berriz, andremarien egunez eguneko errepasoa egin zuten.

Datozen saioei begira jarrita, hilaren 15ean, Zarauzko saioa izango da ikusgai. Hain justu, Ainara Aymat surflariarekin hitz egingo du Galarzak eta hondartzan aurkitutako surflariekin izango dira Ruiz eta Sorarrain. Gainerako ataletara begira jarrita, berriz, abuztuaren 23an, Azpeitian izango da Guka, eta azken saioa, hilaren 30ekoa, Zumaiakoa izango da. Guka Telebistak ostegunero emango ditu saioak telebistan, eta ostiraletan jarriko ditu ikusgai Guka webguneetan. Ez galdu!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide