'Parean eta pareko'

Lehena eta oraina, musika eszenan

Iraia Oteiza, Urtzi Oteiza eta Gorka Eizagirre 2024ko urt. 12a, 09:00

Luis Llavorik eta Tom Lizarazuk badakite zer den musika talde baten parte izatea. Lehenengoak urte asko daramatza Leok'k musika taldeko gitarra astintzen, eta Lizarazu Bulego taldeko abeslaria da taldearen sorreratik. Baina nola aldatu dira musika taldeak azken hamarkadatan? Nola egiten zuten lan taldeek lehen eta nola egiten dute orain? UKTren urtarrileko tokiko aldizkarietan argitaratutako GUKA ataleko edukia da elkarrizketa. 

Tom Lizarazu (Azkoitia, 1993) pop musika arloan aparretan dagoen musikaria da. 2019an sortutako Bulego taldeko abeslaria da bera, eta herrietako plazak betetzen dihardu taldekideekin batera, beraien abesti eta estilismo bereizgarria lau haizetara zabalduz. Patxi Llavorik ere (Zumaia, 1951) ongi baino hobeto ezagutzen ditu Euskal Herriko plazak eta oholtzak, urte askoan Leok’k taldearekin batera kontzertu ugari eskaini dituelako horietan. Eskualdean sortutako lehenetariko rock taldea da Leok’k, eta 55 urteren ostean, oraindik ere aktibo jarraitzen du, kontzertuak eskainiz eta disko berriak argitaratuz. Bi protagonistak elkartuta, musika eszenaren lehena eta oraina irudikatu nahi izan ditu hedabide honek.  

Biok zarete musika talde bateko kide. Zenbat urterekin murgildu zineten musikaren munduan?

PATXI LLAVORI: Leok’k sortu eta handik urtebetera batu nintzen taldera, Alejandro Kortadi taldekideak soldaduska egitera joan beharra izan zuenean eta taldeak gitarra jotzaile bat behar zuenean. 18 urte izango nituen orduan, baina aurretik kantautore moduan aritzen nintzen eta kontzertuak eskaintzen nituen Zestoako plazan, Zumaiako plazan zein Azpeitiko Loiola Irratian. 14 edo 15 urterekin izango zen hori.

TOM LIZARAZU: Musikarako zaletasuna txiki-txikitatik izan dut eta umetatik ibili izan naiz musika eskolan. Nire lehenengo instrumentua biolina izan zen, saxofoia ere bai geroago, eta koruan zein solfeoan ere ibili nintzen. Gero,  urte batean, gainezka egin nuen eta kolpetik dena utzi nuen. Pare bat urte geroago, Errege Magoek gitarra bat ekarri zidaten, nik eskatu gabe, eta gitarra horrekin berriro ere musikarekiko konexioa berreskuratu nuen. 15 bat urte  izango nituen gitarra harekin kantuak sortzen hasi nintzenean.

Biok gaztetan hasi zineten, beraz, baina garai ezberdinetan.

P.L.: Nire kasuan, are zailago izango zela esango nuke. 1962-1963 inguruan ez zegoen musika instrumentu bat jotzen ikasteko gaur adina aukera. Eskolarik gabe, ahal nuen moduan ikasi nuen gitarra jotzen, diskoak erosi eta tokadiskoan jarrita. Ez dago kontatzerik zenbat disko erosi behar izaten nituen, akordeak atera nahian hainbeste aldiz jartzen nituenez, izorratu egiten nituelako. Gaur egun musika eskolak daude, eta Internet bidez ere musika  jotzen ikasteko aukera dago. Gustatuz gero eta saiatuz gero, erraz ikas daiteke orain.

Gogoratzen al zarete jendaurrean eman zenuten lehen kontzertuaz?

P.L.: Leok’k taldeko kide bakoitzak instrumentu bana jotzen zuen eta gitarra batekin, frutategitik hartutako kaxa batzuekin bateria joz, eta norbaitek utzitako piano batekin hasi ziren entseatzen. Geroago, Zestoako gizon bati 
gustatu egin zitzaion taldea, eta berak erosi zizkien instrumentuak. Zestoako zineman Benito Lertxundiren talde gonbidatu moduan eskaini zuten lehen kontzertua. Lehen kontzertu hartako doinuen artean zeuden Beatles taldearen, James Brownen eta halakoen kantak, baina euskaratuta. Ni zertxobait geroago batu nintzen taldera.

T.L.: Nire lehen kontzertua eskolako ekitaldiren batean eskaini nuela esango nuke, gure ikastetxean beti egoten baitzen musikarentzako tarte bat. Xabi Arrieta, Bulegoko kide dena, ezagutzen nuen ordurako, hura ere saltsa guztietan sartuta egoten zelako eta ikastetxe berekoak ginelako. Bateria jotzen zuen hark, eta lau bat lagun elkartu eta bertsioak egiten hasi ginen, Piperrak eta halako taldeenak. Nik uste, lehen kontzertua orduan emango nuela.

Nola prestatzen da bat jendaurrean kontzertu bat emateko? Urduritasunak momentu txarren bat pasarazi al dizue?

P.L.: Kontzentrazioa garrantzitsua izaten da. Urduritasun handia, normalean, abestiekiko segurtasuna falta denean izaten da, baina ezinbestekoa da kontzertu ona eskainiko duzula sinestea. Niri berdin izaten dit aurrean jendea izatea edo bakarrik egotea, arnasketa eta ariketa batzuk egiten ditut eta aurrera. Noski, tentsio handiko momentuak ere izaten dira, baina emanaldia ongi badoa eta jendearen erantzuna ere ona bada, gozamena izan ohi da.

T.L.: Nik uste pertsonaren izaeraren araberakoa ere izaten dela. Batzuei gustatu egiten zaie oholtzara igotzea, eta beste batzuek ikara sentitzen dute. Nik sentimendu hori eskolarekin alderatzen dut, lan bat egin ostean egin behar 
izaten den aurkezpenarekin. Batzuek nahiago izaten dute lana baino aurkezpena egitea, eta beste batzuek alderantziz. Ni aurkezpenak egitea atsegin zuen horietakoa nintzen, ez zitzaidan zaila egiten jendaurrean jarri eta azalpenak ematea.

Pop taldea da bata, Bulego, eta rock taldea bestea, Leok’k. Taldea sortu aurretik argi zenuten zein estilotako musika egin nahi zenuten?

P.L.: Hasieran bertsioak bakarrik egiten genituen, ez zegoelako aukera handirik; Led Zeppelin, James Brown, Aretha Franklin eta halako taldeen bertsioak. Asko jarraitzen genuen Los 40 Principales, eta hango abesti arrakastatsuenak euskaratu eta abesten genituen, tartean Formula V taldearenak. Pasodobleak, balsak eta trikiti doinuak ere eskaintzen genituen 80ko hamarkadara bitartean. Ordutik aurrera, askatasun handiagoa izan da musikan, eta pixkanaka, estilo ezberdinak sortu dira. Guk ere rock talde izaera hartu genuen garai horretan. Egun, musika estilo guztietan daude euskarazko abestiak, eta euskal taldeak munduko beste edozein talderen mailan daudela esango nuke. Ez dago The Rolling Stones taldearen pareko arrakasta duenik, baina euskal musika  osasuntsu dago.

T.L.: Bulegoko hasierako bost musikariok beste talde bat izan genuen aurretik, Passepartout. Denetarik egiten genuen, musika alternatiboa, rocka, eta nahasketa handiegia egiten ari gineneko sentsazioa geneukan. Gure estiloa  definitu eta talde berri bat sortu nahi genuen. Betidanik izan dugu taldekideok musika estilo guztiak entzuteko ohitura. Froga asko egin genituen, eta konturatu ginen poparekin oso eroso sentitzen ginela, gurea zela, eta norabide hori gustatzen zitzaigula abestiak egiterako garaian. Bulego sortu eta lehen abestia argitaratzearekin batera aldarrikatu genuen pop taldea ginela. Taldeko Xabi eta ni, esaterako, oso pop zaleak izan gara beti; Oasis askotan entzuten dugu, Coldplay ere bai, eta baita Dua Lipa edota Ed Sheeran ere. Taldeko furgonetan egiten ditugun bidaietan halakoak ere entzuten ditugu. Egia esan, musika estilo guztietako abestiak entzuten ditugu furgonetan.

Patxi, euskaraz abesteko aukera zabala dago orain, baina Leok’k sortu zenuten garaian ez zen  halako askatasunik egongo.

P.L.: 1968an, Leok’k sortu zuten garaian, debekatuta zegoen euskarazko emanaldiak eskaintzea. Franco bizi zen artean, eta zentsura zegoen. Gure kasuan, taldeko Gotzon Lizasok erraztasun handia zuen euskaraz abestiak idazteko, eta ingelesetik euskarara itzultzen zituen kantak. Garai gogorrak izan ziren.

Kontzertuetarako zein modutan jar daiteke zuekin harremanetan? Managerrik baduzue?

T.L.: Guk badugu managerra, bai, eta asko laguntzen digu. Joseba Razquin jada taldeko beste kide bat bezala da, oholtzara igotzen ez den arren, beti gurekin dagoelako. Bera arduratzen da kontzertuak lotzeaz. Gu nahiko desastre bagara datak eta hitzorduak lotzerakoan, eta Josebak asko kontrolatzen du, garbi izaten duelako nola lotu dena eta noiz egitea den hoberena. Azkenean, Bulego bezalako talde batean ez dugu epe laburrera pentsatzen, epe luzera edo epe ertain luzera baizik, eta ezin diogu deitzen digun orori baiezkoa eman, konposatzeko eta grabaketetarako ere denbora behar dugulako. Zeregin guztien artean oreka bilatu beharra daukagu, eta Joseba arduratzen da zeregin horretaz.

P.L.: Guk ez daukagu managerrik. Dena guk egiten dugu: argazkiak ateratzeaz gu arduratzen gara, publizitatea ere gure esku dago, bideoklipak ere bai, eta grabazioak ere etxean egiten ditugu. Egia da musika nahasketak Eñaut Gaztañagak egiten dizkigula, baina gainontzekoa gure lana izaten da. Azken finean, gure nahia euskaraz abestea da, Euskal Herriari eta kulturari gure ekarpen txikia egitea. Denok erretiratuta gaude, entseatu egiten dugu astean behin, eta gero afaltzera joaten gara. Kontzerturen bat dugunean, berriz, astean bizpahiru aldiz entseatzen dugu, emanaldia arazorik gabe joan dadin. Gustura gaude horrela, eta ez dugu kanpoko laguntzaren beharrik ikusten.

1960ko hamarkadatik hona nabarmen aldatu den beste kontu bat sare sozialena da. Zuen taldeak ba al du sare sozialik?

P.L.: Horiek baditugu, Instagram, Facebook, Youtube eta Bandcampen bagaude, eta erabiltzen ditugu.

T.L.: Gu ere erabiltzaileak gara, bai. Ane Lizarralde arduratzen da horiek kudeatzeaz, gure taldekide Rubenen alaba. Berak laguntzen digu zubi lan hori egiten, guri ere kosta egiten zaigulako batzuetan komunikazioaren arlo hori zaintzea. Instagram, Facebook, Youtube edota TikTok bezalako plataformek jendearekin konektatzeko beste bide bat eskaini digute, eta aprobetxatu beharra dagoela uste dugu. Egiten duguna jendeari helarazten saiatzen gara.

Esaterako, orain gutxi, bira akustiko txiki bat egin dugu. Kontzertu handiak eskaini ditugu udan, jende askoren aurrean, eta orain Aldatu aurretik disko berriko abestiekin kontzertu intimoagoak eskaini ditugu. Bozgorailuak hartu, autoan sartu eta gure erara ibili gara Iruñean, Baionan, Gasteizen, Donostian, Bilbon, eta Azkoitian bertan ere bai, Atraskua tabernan. Hasierako garaira itzultzea bezala izan da. Orduan, halako eskaintzaren bat egin behar denean, komunikatu beharra dagoela uste dut, jendeak zertan ari garen jakin dezan. Sare sozialak erabili ditugu bira txiki horren berri emateko, eta jendeak halakoak eskertu egiten dituela iruditzen zait.

Lehen, agian, talde bateko kideek zeramaten arropari ez zitzaion gehiegi begiratzen. Orain, esango zenukete asko zaintzen direla janzkera eta estilismoa?

P.L.: Garai batean, Beatles eta halako taldeak trajea eta gorbata jantzita joaten ziren kontzertuetara, moda hori zegoen. Zeppelinekin aldatu egin zen estilo hori, eta arropa nabarmenagoak erabiltzen hasi ziren, kolore gorria, loreak eta antzekoak. Gure kasuan, kalean ibiltzen garen moduan jantzita eskaintzen ditugu kontzertuak. Egia esan, nik ez diot horri gehiegi begiratzen.

T.L.: Begiratzen diogu, bai, baina estilistaren baten laguntza izaten dugu. Taldea sortzerako garaian ikusi genuen gure gustuko taldeek musikaz gain kontuan hartzen zituztela beste kontu batzuk ere. Horietako bat da jantziena, estilismoarena. Queen ez zen edonola ibiltzen, eta gu ere saiatu gara, ahal dugun heinean, publikoari halako zerbait eskaintzen. Hasiera batean, estilista lanetan Eneko Aranbarri ibili zen gurekin; orain, azken aldian, Carla Cristallini estilista madrildarrarekin dihardugu elkarlanean eta berak laguntzen digu taldeko itxurarekin. Oholtza bada askatasun leku berezi bat: alde batetik, jende ugariren aurrean ari zara kontzertua eskaintzen, baina, aldi berean, jende gutxiren aurrean ausartuko zinatekeen gauzak egiteko espazio bat ere bada. Esate baterako, makillatuta edo arropa berezi batzuk jantzita ateratzeko aukera eskaintzen du agertokiak. Proiektua bere osotasunean jendeari erakusteko ere balio du estilismoak, ez gara soilik oholtzara igo diren bost pertsona, baizik eta Bulego igo da oholtzara, Bulego bezala jantzita. Atsegin dugu alor hori zaintzea. 

Bideoklipak ere grabatzen dituzue. Kanpoko jendearen laguntzarekin ala zeuek moldatzen zarete?

P.L.: Guk egiten ditugu, moldatzen gara eta. Bigarren diskoa profesionalekin grabatu genuen, zuri-beltzean, eta oso dotore geratu zen. Gainerakoak, ordea, gureak dira. Bideoklip xumeak egiten ditugu, baina nahikoa da guretzat. 70 urtetik gora ditugu taldeko guztiok, jubilatuak gara. Euskal Herrian kulturari lotutako eskaintza gehiena gazteentzat izaten da. Ondorioz, ez dugu gehiagoren beharrik.

T.L.: Gurekin lan egiteko prest dagoen jendea aurkitzen dugu, bideogintza atsegin duena. Profesionalen ikuspuntua askotan gurea baino urrunago heltzen da eta beraien esku uzten dugu aktoreak lotzea eta kliparen nondik norakoak zehaztea. Ondoren, denon artean partekatzen ditugu ideiak eta hortik ateratzen da bideoklipa.

Leok’k taldea Euskal Herri mailan aritu izan da urte hauetan guztietan. Zuek ere gehienbat bai, Tom, baina Japoniaraino ere iritsi zarete.

T.L.: Euskal Herrian ibili gara gehienbat, Azkoitiko talde bat gara eta gure eremua Euskal Herria dela sentitzen dugu. Hori bai, badaukagu kanpora ateratzeko filosofia hori eta gogoa ere ez zaigu falta. Baina euskaldunok badugu 
halako konplexutasun bat, euskarazko abestiekin eta sormenekin kanpora ateratzen uzten ez diguna, eta hori gehienbat kanpoko jendeak sartu digun beldurra da. Guri gertatu izan zaigu Espainiara joan eta “zergatik ez duzue gaztelaniaz edo ingelesez abesten?” entzun behar izatea, hala eginez gero ate ugari irekiko zaizkigula argudiatuta. Horrek segurtasun eza sorrarazten die sortzaile euskaldun askori, eta askotan azaldu behar izaten dugu zergatik 
abesten dugun euskaraz. Gure filosofia da euskaraz abestuta eta sortuta ere kanpora ateratzea dagoela. Atea jotzea nahi dugu, ate hori irekita ala itxita dagoen ikusteko. Itxita baldin badago, bere horretan geratuko da, baina irekita egonez gero, sartu egingo gara, eta ate horren beste aldean zer dagoen ikusteko aukera izango dugu. Talde batzuk gustura daude Euskal Herrian, eta ez dute kanpora irteteko inolako beharrik ikusten; baina, beste batzuk ez dira ateratzen aipatu dudan konplexutasun horrengatik, euskaraz abesteak hemendik kanpo sorrarazten dien beldurragatik. Guk kanpoan ere euskaraz abestu nahi dugu eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Japoniarako bidaia izan da orain arte talde bezala urrunen egin dugun bidaia, eta han jendeari azaldu egin diogu Euskal Herritik joan garela, euskaraz abesten dugula eta hori dela gure musika sentitzeko modua. Jakin-mina piztu die gure hizkuntzak eta lurraldeak, eta esker oneko hitzak besterik ez ditugu jaso. Gaztelaniaz edo ingelesez abestuko bagenu jasoko ez genuen erantzuna jaso dugu. Guretzat ikasbide bat izan da Japoniarako bidaia, euskarak ateak itxi beharrean zabaldu egiten dizkigula ikusi dugulako. Euskara bereizgarri handia da, munduan beste inork ez duena, eta horrekin goaz nazioartera. Horrekin batera, esan nahiko nuke denok entzun izan ditugula ingelesez, frantsesez edo alemanez abestiak, eta kantatu izan ditugula zer esaten ari garen arrastorik izan gabe, baina disfrutatuz. Musikak ez du hizkuntzarik behar transmititua izateko eta jendearengana iristeko, eta guk horren aldeko apustua egin dugu.  Bidaiatzea ere atsegin dugu, prest gaude horretarako, esperientzia oso politak ekartzen ditugulako bueltan, eta indarra ematen digulako lanean jarraitzeko eta euskararen aldeko borrokan jarraitzeko.

Amaitzeko, labur-labur, zer esango zeniokete talde bat euskaraz sortu nahi duen norbaiti?

P.L.: Gustatzen bazaio, saiatzeko esango nioke. Ikasteko erremintak eskura dauzka, gaur egun askoz errazagoa da, baina lana egin beharra dago. Bestetik, ahal duen musika gehien entzuteko gomendioa luzatuko nioke, hizkuntza guztietakoa eta estilo orotakoa. Garrantzitsua da nazioarteko musikarekin ezagutza aberastea, eta gero, pixkanaka joango da bere bidea zehazten eta bere musika sortzen. Guraso askok beraien seme-alabak musika tresnaren bat jotzen ikastera behartzen dituzte. Bazkalostean, piano klasetara eta antzekoetara bidaltzen dituzte, derrigorrean, eta azkenerako umeak nazka hartzen dio. Haurrari utzi egin behar zaio gustuko duena egiten, lagunak doazelako 
edo berak nahi duelako joan dadila, eta aurrerago ikusiko du musika ikasten jarraitu nahi duen ala ez. Garrantzitsua da berak sentitzen duena eginez musikarekin konektatzea. Batzuentzat musikak ez du ezer esan nahi, tabernara joan, kopa bat edan eta bitartean entzuten ari denak ez dio ezer esaten, ez zaio axola zer nolako musika dagoen jarrita. Niretzako, aldiz, musika bizitzeko modu bat da, eta eragin handia du nigan: une batzuetan pozik jartzen nau, beste batzuetan triste, eta barregura ere sortzen dit. Horregatik diot batzuentzat musika apur batean dastatu eta botatzen den txikle bat bezalakoa dela; aldiz, beste batzuentzako, guretzako, musika bizitza da.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide