Zarauzko ikastetxeek konpromiso ugari hartu dituzte, eta jarraian ikastetxe bakoitzaren konpromiso bana jaso dugu. Orokieta Herri Eskolak euskara urrun duten ikasleei hizkuntzara hurbiltzeko jarduerak eskainiko dizkie. Lizardi BHIk institutuko eguneroko harremanak euskaraz izaten jarraitzeko konpromisoa hartu du. Oteitza Lizeo Politeknikoak euskara ardatz izango du jaialdietan eta urteko gainerako jardueretan. La Salle ikastetxeak eskola komunitateko kideak trebatuko ditu egunerokoan euskararen erabilera sustatzeko. Salbatore Mitxelena Ikastolak hitanoa sustatuko du ikastola osoan, nokari arreta berezia jarrita. Antoniano Ikastetxeak lehen harrera euskaraz egingo du beti, telefonoz zein aurrez aurre.
Aisialdian ere badira neurri zehatzak. Gurutxurtu aisialdi elkarteak mendi-irteerak baliatuko ditu Zarauzko historia, ohiturak eta esamoldeak ezagutarazteko. Txipristin aisialdi elkarteak irteeretan euskararen erabilera bermatuko du, eta sare sozialetan euskara hutsean arituko da. Haize-orratz gaztelekuak herriko euskararen aldeko ekimenak nerabeengana hurbilduko ditu, eta Sorginmuñok elkarteko helbide elektroniko guztiak .eus domeinura pasatuko ditu.