Beste behin ere arrakastatsua izan da Zirikaren kantu bazkaria

Erabiltzailearen aurpegia Zirika. Zarauzko Euskara Elkartea 2025eko azaroaren 10a

Hirugarren urtez jarraian antolatu du Zirika euskara elkarteak hitzordua, eta, beste urte batez, arrakastatsua izan da.

Zirika euskara elkartean antolatuta, kantu poteoa eta bazkaria egin genituen larunbatean. Goizeko poteoaren ondoren, 14:30ean puntuan eman genion hasiera bazkariari, eta postrea iristerako, musikariak martxan jarri ziren.

Hauek osatu zuten Zirika Banda: Imanol Etxeberria perkusioan, Igor Gartzia teklatuan eta txistuarekin, Iker Urkiri baxuarekin, Aratz Olaizola trikitiarekin eta Iker Barrena eta Mantxi abesten. Abesti batzuetarako, Aizpea eta Itziar Zubia, Goretti Aranburu eta Ioritz Azpitarte izan zituzten lagun. Etenik gabe, abesti bat bestearen atzetik jo zuten, eta gustura ibili ginen. Tarteka, dantzarako piezak ere jo zituzten, eta, horietan, txiki gelditu zen Santa Barbara jatetxea.

20:00etan kalera irten eta trikitilariekin Musika Plazarako bidea egin genuen, kioskora heltzeko. 21:30ak arte luzatu genuen eguna, bukatzerik nahi ez genuen atmosferaz inguratuta...

Pozik gaude jendearen erantzunarekin. Beti dago zer hobetua eta izango dira moldatu beharreko gauzak, baina esan daiteke hirugarren Kantu Bazkaria ere arrakastatsua izan dela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide