Atzo gauean, Musika Plazan Kresala musika taldeak eskaini zuen kontzertuan gertatutakoak kezka sortu digu Zirika elkartean. Han bildutako herritarren testigantzen arabera, hitzartze gehienak gaztelania hutsez egin ziren.
Zarauzko herriko festetan, herriko plazan, euskarak ezin du bigarren mailan geratu. Zarautz euskalduna da, eta gure hizkuntzak plazako kultur eskaintzan erdigunean egon behar du. Herritar gazteentzako eredu diren taldeek ezin dute euskararen erabilera albo batera utzi, are gutxiago jaietako ekitaldi nagusietan.
Ez da lehen aldia horrelako egoera gertatzen dena. Aurreko urtean ere talde berarekin kexa bera agertu genuen, eta ordukoan ere euskararen presentzia oso urria izan zen. Herriko elkarte eta herritarren eskaerak ez dira entzun, eta horregatik berriro ere gure desadostasuna adierazi nahi dugu.
Zirikatik uste dugu badirela talde asko, estilo eta musika anitzetan aritzen direnak, %100 euskarazko hitzartzeak egiten dituztenak. Aukera horiek lehenetsi behar dira.
Horregatik, gure eskaera argia da:
1. Udalak konpromiso sendoa har dezala Musika Plazan eta herriko jaietako ekitaldi nagusietan euskararen erabilera bermatzeko.
2. Kontratazio irizpideetan argi jaso dadila euskarazko hitzartzeak eta euskararen erabilera ezinbesteko baldintza direla.
3. Euskara erdigunean jartzea, ez soilik testuinguru ofizialetan, baita gure kultur eskaintzan ere.
Zarauzko herriak euskaraz bizi nahi du, eta euskaraz gozatu ere bai. Ez dugu besterik eskatzen: gure hizkuntzari dagokion lekua ematea.