Munoan muntatutako karpak erabilera bat gutxiago izango du aurten. Hiru edizioren ostean, Txuleta Festa Donostiara eramango dute, Anoetara. Baina egitasmoak ez ditu erabat galdu Zarautzen dituen erroak: ekitaldia promozionatzeko argitaratu duten azken bideoan ikus ditzakegu herriko kirolariak, beste zenbait euskaldun ospetsurekin batera, Txuleta Festara joateko gonbita eginez.
Diote giro bikaina eta jarduera pilo bat izango direla “festa karniboro” horretan. “Euskadin txuleta erlijio bat delako”. Badakigu, Enbak salatu bezala, ez direla "made in Gipuzkoa 25.000 txuleta izango", ekitaldia antolatu duen enpresak kanpoko haragia erabiltzen duelako "egunerokoan". Bertako haragirik izango ez den bezala, ez dakiguna bertako hizkuntza ere topatuko dugun. Bideoan zortzi euskaldun ageri dira gazteleraz hizketan, azpitituluak gazteleraz dira, eta argitalpenaren testua ere gazteleraz da.
Askok pentsatuko duzue promozio horrek helburu duen publikoa turista dela, ez bertako jendea, eta hala izango da. Baina euskaldunon identitatea saltzeko eta haren kontura negozioa egiteko elementu soil gisa erabiltzearena salagarria da, eta kezkagarria. Gainera, salatu beharrekoa da erakunde publikoek hizkuntzarekiko jokabide hori duten egitasmoak laguntzea.
Izan ere, eta, ziurrenik, adibide larriena den arren, Txuleta Festarena ez da geroz eta gehiago hedatzen ari den joera baten erakusle bat baino. Pasa den astean bertan, Instagrametik atera gabe, ikusi genuen herriko kirol zinegotzia Itzuliari buruz gaztelera hutsean hizketan, eta Abendañon irekitzear diren gimnasioaren profilean ere ez dugu euskarazko hitzik aurkituko, ez eta herriko jatetxe gero eta gehiagotako menu eta zerbitzuetan ere. Sareetan influencer bilakatzeko saiakeran dabiltzan euskaldunen artean ere gaztelerara jotzea da normalena. Eta jar daitezke adibide gehiago.
Diferentziazioaren alde egiten dute oso vascoak direla azpimarratuta, baina uko egiten diote gure ezaugarri bereizgarrienari, egunerokoan erabiltzen duten hizkuntzari. Salgai ez dituzte jarri haragia eta festa bakarrik. Hizkuntza ere salgai jarri dute identitatearekin batera.