Lidl supermerkatua zabalduko dute bihar Zarautzen, eta publizitate guztia gazteleraz helarazi du. Herriko postontzietan banatu dituzten liburuxkak gaztelania hutsean iritsi dira, bai 26 orriko publizitate-liburuxka, bai Zarauzko denda berriaren informazioari buruzko 12 orriko beste liburuxka bat ere.
Zarautz udalerri euskalduna da. Zehazki, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herri handiena da, 23.223 biztanlerekin. Izan ere, EUSTATen arabera euskaldunak %73,4 dira Zarautzen, ia euskaldunak %13 eta euskararik batere ulertzen ez dutenen kopurua %13 da. Horren jakitun, euskara gure herriaren eta izaeraren ezaugarri nagusienetakoa da.
Zirika Euskara Elkartearen izenean Lidl supermerkatuari zarauztarren hizkuntza eta eskubideak kontuan hartzea eskatzen diogu. Zarautzen euskara da diferentzia markatzen duena. Euskara da gure herrira errespetuz heltzeko atea. Bisitariei eta herritar berriei bezala, Lidl-i eskatu nahi diogu herritarron hizkuntza errespetatzeko, bertako berezko hizkuntza delako eta Zarauzko bezero gehienak euskaldunak direlako.
Eskatzen diegu, bestalde, Zarauzko herritarrei presioa egin dezaten hipermerkatu honetan zerbitzua euskaraz jaso dezaten. Kexa aurkezteko Elebidera edota Behatokira jotzea gomendatzen dugu.
Eta, bukatzeko, Zarauzko Udalari eskatzen diogu euskararen erabileraren jarraipena egin dezala eta beharrezko neurri zuzentzaileak aplika ditzala egoera konpon dadin.