Ekainaren 17an emakumeok* pentsio eta bizitza duinen alde kalera!

Erabiltzailearen aurpegia SareFeministaZarautz 2018ko eka. 10a, 16:45

Zarauzko mugimendu feministak bat egiten du ekainaren 17an, igandea, Urolako Kostako pentsio duinen aldeko plataformak eginiko deialdiarekin, eta bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu Zarauzko emakumeak*.

Langile izan gara, bizitza osoan, eta gure lanak ez du pentsio eskubidea lortzeko balio. Kotizatu ez baina lan egin arren, eta gure lana bizitzarentzat ezinbestekoa izan arren.

Hau da emakumeon* eguneroko ogia pentsio sistemari lotuta. Gure lanak ez dira aintzat hartzen, bizitzaren sostengarritasuna ardatz duten lanak ez dira kontutan izaten. Eta horri demokrazia deitu nahi diote batzuk. Lan batzuei balioa emanez eta beste batzuk zokoratuz, baliogabetuz.

Emakumeok* asko borrokatu dugu lan merkatuan sartu ahal izateko. Enplegu bat edukitzeko. Borroka horren emaitza da emakumeok*, behingoz, pentsio baterako eskubidea lortzea. Pentsio propioa ordea soldatapeko lanaren emaitza da soilik, ez dituela bestelako egoera zein errealitateak kontutan hartzen. Horrela, pentsioa askoz ere txikiagoa da emakumeon* kasu gehienetan, kotizatu dugulako, bai, baina gutxiago: soldata txikiagoa zelako, zaintza ardurek lan merkatutik ateratzera behartu gaituztelako edo lanaldi murrizketak eskatu behar izan ditugulako, edo kontratu partzialekin zein ezkutuko merkatuan lan egitea beste aukerarik izan ez dugulako, besteak beste. Beraz, prekarizaioa bikoitza da, lan merkatuan bizi duguna eta honen eraginez pentsio kalkulua gauzatzean pairatzen duguna.

Ehunka izan ginen martxoaren 8an kalera atera ginen emakumeok*, sistema heteropatrialkala arbuiatu eta sistema justuago bat aldarrikatuz, gure lanak balioa duela adieraziz eta aintzat hartzeko eskatuz. Horrela, pentsionisten borrokarekin ere bat egin nahi dugu, bertan parte hartzera gonbidatuz.

• Emakumeon lana aitortzea eta eskubide iturri bihurtzea izango da pentsio duin bat ziurtatzeko bidea. Borroka konpartitzen dugu!

• Soldata arrakalaren arrazoiak gaindituz emakumeon lan eskubide guztiak ziurtatzea izango da pentsioak hobetzeko biderik emankorrena. Borrokan bat egiteko arrazoiak ditugu!

Pertsonak politiken erdigunean jartzea izango da bizitza duin baterako aukerak ziurtatuko dizkiguna, izan umeak, gazteak, helduak edo zaharrak.

Sistema hau ez badago bizitza duinak ziurtatzeko prestatuta, aldatu dezagun sistema. Arazoa ez gara gu, ez dira gure pentsioak. Arazoa sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta kolonialista da. Hau dela eta, instituzioei exijitzen diegu, legez, pentsio duin propioak izateko eskubidea bermatzeko bitartekoak sortu ditzatela, eta euskal pentsio publikoaren aldeko apustua egin dezatela.


Borroka berdina konpartitzen dugulako, ekainaren 17an, bizitza duinaren alde, emakumeok* ere KALERA!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide