AbEnduaK Santo Tomas azoka abenduaren 15ean izango da aurten, eta berriz ere duela bi urte hasi genuen ohiturari jarraipena egin nahi diogu, ordutik hona ederki irten baitzaigu ekitaldia. Lehengo urtean Zarautz Libre taldeak hartu zuen talo-postua jartzeko ardura, eta jende ugari ibili zen Foruen plazan, nahiz eta goizean goiz eguraldiak askorik lagundu ez. Aterruneetan bertaratu zen jendea mintzodromora, ipuin kontalariarengana, herri kiroletara... taberna eta jatekoa gertu izanik giro goxoa egon zen.
TALO-POSTUA IPINTZEKO DEIALDIA abian jarri dugu; beraz, interesik duen talderik bada, jar dadila gurekin harremanetan azaroaren 30a baino lehen; deitu 943 13 01 75era edo idatzi zarautz@aek.eus helbidera. TALO-POSTUA JARTZEKO DEIALDIAN parte hartzeko, ezinbestekoa da euskaraz aritzen den eta euskararekiko atxikimendua duen elkartea izatea. Horrekin batera, jakin ezazue, Zarauzko AEK-ren materiala uzteko prest gaudela.
Bien bitartean, AbEnduaK Santo Tomas eguna antolatzeko prestaketa lanekin jarraituko dugu. Ohi bezala, herritarren bilgune izan nahi duen goiza antolatzen ari gara, baina ez dizuegu gehiegi aurreratu nahi! Tira, arrastoren bat ematera ausartuko gara: mintzodromoa egingo dugu berriz ere. Hala, euskaraz hitz egin nahi duen bidelagun zein bidelari oro ongi etorria izango da geurera. Hori ez da izango, ordea, ekitaldi bakarra; aurrerago emango dizuegu besteen berri. Espero dugu prestatzen ari garena zuen gustukoa izatea eta plazara gerturatzea. Bestalde, urtero bezala, otar erakargarriak eskuratzeko aukera ere izango duzue boletoak erosiz gero; eta, noski, txistor lehiaketa ere izango da.
Zuen parte hartzeari esker osatuko dugu beste behin ere AEKren aldeko festa, xumea baina baita jendetsua ere.