Euskaraz Bizi Eguna 2016 - Manifestua
Euskarak 4. Dimentsiora
-Adizan, adizan… Ikusten al dun zer-nolako dekorazioa jarri duten aurten? Baeste lurralde batean gaudela ematen din!
-Beste lurralde batean? Ez, ez, beste dimentsio batean! Laugarren dimentsioan murgildu gaitun aurten, euskararekin haraino ere iristen garelako.
-Euskararekin laugarren dimentsiora iritsi??? Zer arraio ari haiz esaten!
-Alegia: euskarak ez din kalean lagunekin jarduteko bakarrik balio, ez horixe. Euskarak eramaten gaitin sekula lehenago ezagutu gabeko inguru edo giro batera. Hizkuntza ez dun komunikatzeko tresna soila, mundu ikuskera berri bat ematen zigun: identitatea, musika, literatura, artea, harremanak....
-Hara! Antzekoa gertatzen dun egunkaria, irratia edo telebista euskaraz kontsumitzen dugunean. Beste hedabideetan ateratzen ez diren gaiak ezagutzen dizkinagu edo beste ikuspuntu batez jasotzen dizkinagu berriak. Eta zein interesgarriak izaten diren!
-Hori da. Euskarazko prentsa bada dimentsio bat, baita Ikastolen mugimendua ere! Horiekin guztiekin Euskal Herri euskalduna irudikatzen dinagu. Euskaraz bizi nahi dugulako ari gaitun urratsak egiten. Nik, adibidez, fruta-dendan beti euskaraz eskatzen dinat, nahiz eta frutazaleak ez jakin uskaraz. Beharra sortu eta euskaltegira apuntatzea nahi dinat.
-Asko zagon egiteko: ezin dinagu beti euskaraz aritu epaitegian, osasun zentroan edo unibertsitatean. Eta horiek instituzioen esku zauden!
-Hala ere, nik badizkinat lagun euskaldunberri ugari, eskerrak! Ingurukoak euskaraz hitz egiten hasi ginenean, segituan apuntatu zitunan euskaltegian, eta orain euskaraz egiten dinate. Pozarren zauden gainera, mundua ikusteko leiho berri bat zabaldu zaielako!
-Bai, horixe!! Begirunea zor zienagu euskara ikasi duten guztiei, eta baita ikasten ari direnei ere. Haien bultzada ere behar din euskararen itsasontziak aurrera jarraitu nahi badu.
-Hala da! Nire lagun batek dioen bezala: “Euskara jendea gara, eta denok batera egingo dugu aurrera, noizbait benetako Euskal Herri euskalduna lortuko badugu”.
-Hementxe zagon euskara jendea! Ikusten al dun? Aurten ere plaza bete dinagu! Eskerrik asko bihotzez. Ongi etorri Euskararen Laugarren Dimentsiora!