Despedida

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2024ko api. 8a, 10:15

Bultza Beltzak (Zarautz Rugby Taldea)

Gesalaga Okelanen denboraldiko azken partida zen Astin; eta Facundo Oriveren despedidakoa. Mikel Larrañagak eta Mateo Bastek Valentzian jokatuko dute, baina igandean agurtu zuten Astiko harmaila. Horregatik guztiagatik, Beltzek irabazi egin nahi zuten, behin behar eta, baina ezin: 13-18 egin zuten Alacanteko La Vilaren aurka. 

Gesalaga Okelanek lan asko egin du aurten ere; eta ligako lehen fase oso txukuna eginda, bere multzoko 3 onenen artean sailkatu zen. Ligaren bigarren zatia elitean jokatu du, iaz bezala, bigarren mailako talde onenekin, baina iaz ez bezala, aurten kontrako eztarrira joan zaio. Partida bat ez, beste guztiak galduta, elite multzoko azken postuan dago. Bidaia luzeak, lehia gogorra eta taldea lesioek eskastuta, ez da gutxi honaino iritsi izana. Zapuztuta sentitzeko tentazioa duenarentzat, perspektiba: duela urte batzuk, bigarren mailari eustea zen helburua eta gaur, ia normaltzat jotzen da lehen mailara igotzeko lehian daudenen artean egotea. Errugbiaren bigarren maila ia profesional bihurtzen ari da Espainian eta Zarautz ez da hiri izatera iristen.

Testuinguru horretan jokatu zen igandeko partida. Ateri eta aurreko egunetako bero saparik gabe, errugbira jokatzeko giro ona, zelaia lehor samar egon arren.

Partida hasi orduko erautsi zuten Beltzek zer nahi zuten: 5. minutuan, entsegu marraraino iritsi ziren eta azken metroan ihes egin zien baloiak hegaletik. Galdutako lehen aukera izan zen. Partida osoan zehar, gutxienez beste 3 aldiz gertatu zitzaien Beltzei, entsegutik metro gutxira baloia galtzea. Baina hasi, indartsu hasi ziren. Defentsan sendo, La Vilari aurre egin, baloia zabaldu eta Anartz Zendoiak egin zuen lehen entsegua, 13. minutuan, hegaletik. Carlos Estradak ostikada eta 7-0, Zarautz aurretik. Hortik aurrera, lehen zatia amaitu arte, jokoa zarauztarren zelaian kokatu zen minutu luzez eta sufritzea tokatu zen: méléan oso pareko bi taldeak, 3 aldiz egon ziren Alacantekoak 5 metrora, mélea alde zutela, eta beste hainbat aldiz hortzak erakutsi zituen beltzen defentsak. Oreka gogorrean bi taldeak eta txartel horia zarauztarrei 26.minutuan.  Orduan egin zuen La Vilak bere lehen entsegua. Epaileak, hasieran ez, baina marrazaina entzunda, ontzat eman zuena. 7-5, Beltzak oraindik aurretik. Azken minutuetan, zigor ostikada bana eta kostata, baina 10-8 zarauztarrak irabazten iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia ere antzera joan zen. Bi taldeak oso lehia estuan, nahiz eta La Vilak gehiago izan zuen baloia, Gesalaga Okelanek baino. Ostikadaka lortu zituzten hurrengo puntuak eta 13-11 iritsi ziren bigarren zatiaren erdia aldera. Zarauztarrak fin ibili ziren alboko sakean, ongi eutsi zioten uztartzeetan, defentsa gogorra egin zuten eta behin eta berriz salbatu zituzten La Vilaren entsegu aukerak. Baloia eskura zabaltzea lortzen zutenean Beltzek eraso jokaldi ederrak ere egin zituzten, harmaila zutik jartzeraino, baina ezin errematatu. Hala gertatu zen 62. minutuan. Zarauztarrak erasoan, taldean, 22ko eremura iritsi eta aldeko zigor kolpea. Makiletara kale, baloia La Vilarentzat eta hurrengo jokaldian, entsegua eta transformazioa. 13-18. Gesalaga Okelan azken minutura arte saiatu zen partida berdintzen, baina ez zen modurik izan eta hala amaitu zen igandekoa. 

Nolanahi, partidaren unerik nabarmenena, amaitzeko hamar minuturen faltan gertatu zen. Orduan, Fran Puertas entrenatzaileak Facundo Orive zelaitik atera eta Ramiro anaiagatik aldatu zuen. Harmaila zutik, Zarauzko errugbi zaleek txalo zaparrada beroa eskaini zioten urteetan 2 zenbakiarekin jokatu duen argentinar zarauztartuari. Aurrelarien entrenatzaile eta neurri handi  batean, Beltzen mélé indartsuaren arduradun, harmailak maitasunez eta esker onez agurtu nahi izan zuen. “Eskerrak zuei, bertako senti arazteagatik”. Buenos Airesen jaioa, Facundo Orive zarauztarra da aspalditik, horregatik, jokalari lehia utzi bai, baina ez ahal da Astitik asko urrunduko! Berdin Mikel Larrañaga eta Mateo Bast ere. Bizitzako beste partida batzuk dituzte zain, baina  aurretik, Valentzian zelaian ikusiko ditugu azken aldiz eta gero, Zarauzko errugbi taldeari lotuta jarraitzea espero dugu. Mikel duela hilabete batzuk itzuli zen zelaira, lesio luze bat atzean utzita. Igandean ez zuen jokatu, lastima, baina izango da behar bezala txalotzeko eta zelai barruan, nahiz kanpoan, egindako lana eskertzeko modua. Zarautz errugbi taldeak beharko ditu aurrerantzean ere lanerako pertsonak eta Mikel Larrañaga ere gertu beharko dugu. Zer esan Mateo Bast, “Mati”ri buruz? Espainiako lehen maila utzita etorri zen Zarautza, eta lehendik zituen loturak sendotu ditu hemen. Argentinan jaioa, baina jatorri euskaldunekoa, errugbi onaz gain, gozotasuna eta eskuzabaltasuna erakutsi dizkigu. Zelaian, Orioko Mola-Molan eta egokitu zaion leku guztietan. Eskerrik asko hiruroi eta ez adiorik!

Datorren igandean, Valentziako Quatre Carreres kiroldegian amaituko du 23_24 denboraldia Gesalaga Okelanek. Bultza Beltzak!! Entzungo da han ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide