Astea gazi-gozoa izan da Gesalaga Okelan Errugbi taldearentzat. Asteazkenean, urteko gizonezko kirol talde onenaren saria jaso zuten Zarauzko Udalaren eskutik, eta larunbatean, galdu egin zuten Astin, Universitario Bilbaoren kontra 10-27.
Saria, iaz lortutakoaren onarpena izan zen. Eta iaz lortu zutena da, errugbiaren lehen mailara igotzeko lehian, hortzak estututa, igoerak puntu bakarrarengatik ihes egitea. Aurten ere, lehia horretan ari dira, iaz baino are lan gehiago eginda, baina lehiaren hasiera, nahi baino nekezagoa izan da.
Badira urte batzuk Universitario Bilbaok errugbi proiektu sendoa martxan jarri zuenetik. Mario Barandiaran, nazioartean itzal handia duen entrenatzailea kontratatu eta taldea egiten hasi ziren. Eta baita osatu ere! Gaur, Bilbok senior mailako ia 100 jokalari ditu. Sendotasun hori nabarmena izan zen larunbatean. Gesalaga Okelan oso talde justuarekin iritsi da aurten, eliteko lehiara. Jokalari asko min hartuta eta hiru laurdenen lerroa, alegia, baloia eskura jokatzeko, zabaltzeko eta zelaian metroak egiteko eginkizuna duten jokalarien lerroa, osatu ezinik.
Nolanahi ere, urtarrileko eguzki epeletan, harmailak beteta eta Gesalaga Okelenanen elastiko berria estreinatuaz, Beltzak irabaztera atera ziren zelaira larunbatean. Lehen minutuek erakutsi zuten, ordea, partida nola joango zen. Beltzak hasi ziren erasoan eta baita Bilbotarren 22raino iritsi ere, baina ezin izan zuten harago joan. Bilbo nagusitu zen lehen mélé-an, uztartzean, eta zigor ostikada pare bat baliatuta, 0-6 aurreratu zen 10.minuturako. Bilbotarrak ez ziren egun-pasa etorri kostaldera eta Gesalaga Okelanek ez zuen bere arratsalderik onena izan, saiatu arren. 17. minutuan Bilbotarren entsegua, eta transformazioa. 0-13. Igor Huergak entsegua eta Santiago Mansillak ostikadak. Hala joan zen lehen zati ia osoa. Bilbotarrek ondo ikasia zuten nola egin aurre zarauztarrei eta araudiaren muga-mugan jokatu zuten. Beltzek eutsi zioten, oso gogor, eta Bilboren joko eremuan egin zituzten minutu gehienak, baina alboko saketan ez zuten asmatu; mélé-an, batzuetan bai eta bestetan ez, eta ez zuten lortu entsegu-marrara iristea, lehen zatiaren amaiera arte. 38.minutuan, Beltzen aldeko uztartzea 5 metrora, eta entsegua Ugaitz Agirre Takolok. Carlos Estradak ostikada eta 7-13 iritsi zen atsedenaldia.
Bigarren zatia hasi orduko ekin zion Fran Puertasek jokalariak aldatzeari. Batzuetan, atsedena emateko: Franciso Uriarte Pantxo, Ugaitz Agirreren ordez; Facundo Orive, Bittor Arzelus eta Jon Agirre Rama, Lantz eta Oierren lekuan. Beste bi aldaketa, tamalez, min hartutako jokalariak ordezkatzeko: Urko Ederra eta Sebas Sedran min hartuta, Iosu Valencianok eta Mikel Larrañagak jokatu zuten partidaren azken zatia. Hiru laurdenen lerroa txikituta, nahikoa egin zuten Beltzek, amaiera arte kemenez aritzearekin. Bigarren zatian, Gesalaga Okelan fin ibili zen alboko saketan, mélé asko irabazi zituen eta minutu luzez aritu zen erasoan Bilboren zelaian, bizpahiru entsegu aukera izateraino. Huts egite tontoek zapuztu zituzten zarauztarren aukerak eta hegoak eman, aldiz, bilbotarrei. Gesalaga Okelanek 3 puntu besterik ez zituen bildu bigarren zatian, zigor ostikadaz. Bilbotarrek bi entsegu eta bi transformazio. 10-27, azken emaitza. Bilbotarrak, pozik, ligaren aurreko fasean Zarautz izan zelako gailendu zitzaien talde bakarra eta Beltzak, punturik gabe, baina harmailaren berotasunarekin: Txaloak, oihuak eta bonboaren zarata, denak balio du. Suziriak eta bestelakoak, aldiz, ez dira egokiak harmailan. Bada ez bada, ez dezagun borondate onez, kaltea eragin.
Hamabost egun gogor datoz orain. Datorren astean, Malagan jokatuko du Gesalaga Okelanek, etxetik oso urrun, eta hurrengoan, inauteri larunbatean, Madrilgo Industriales etorriko da Astira. Mozorrotuta ere anima daiteke errugbian eta ez hutsik egin Astin, dena beharko da eta. Bultza Beltzak!