Kronika honek hainbat izenburu izan zitzakeen: "Pena!", esate baterako. Gesalaga Okelan Zarautzi mailaz igotzeko finalerako txartelak ihes egin ziolako igandean, azken minutuan eta puntu bakarragatik. Izan zitekeen, "Garaipen antzua", baita ere, Zarautzek irabazi egin ziolako Santanderri 18-15, baina joaneko partida 17-13 galduta, garaipena ez zelako nahikoa izan. "Asti menderaezina" ere balekoa zatekeen, Gesalaga Okelanek ez duelako aurten partida bakar bat ere galdu Astin. Bat berdindu du, beste guztiak irabazi. "Errugbia zuri-beltzean", zergatik ez?. Lehenengo zatia 9-0 amaitu zen, Zarautz nagusi; gauzak ilundu egin ziren, aldiz, bigarren zatian, norberaren akatsak eta aurkariaren jokoa tarteko, eta zorteak kale egin zuelako. Partida estua eta errugbi zakarra ikusi genituen. Puntu guztiak izan ziren zigor kolpeen ondorio. Gervasio Aldaoren eta Carlos Estradaren ostikadei esker zarauztarren kasuan, Matias Jabasek asmatu zituenak Santanderrentzat. Ez genuen kolore biziko errugbirik ikusi, batere.
Eta aurreko guztia hala izanik ere, igandean, Astin, festa egin zen. Errepidea aparkaleku bihurtu behar izan zuten kotxe andana ordenatzeko eta helburua mila zale elkartzea bazen, erronka aise gainditu zela esango nuke. Hirugarren denbora luzatu egin zen eta txaloak eta kantuak, ospatzeko zerbait daukanarenak izan ziren.
Horregatik, lizentzia guztiak hartuta, gaurko izenburua; eskerrak emateko unea da eta.
Ipotxak gara, erraldoien sorbalda gainean. Horregatik, eskerrak, duela 40 urte baino gehiago, Zarautzen kirol arraro honetara jokatzen hasi zirenei, eta taldeak gaurdaino irautea posible egin duten guztiei: jokalariei, entrenatzaileei, zuzendaritzari, zaleei eta nola ez, euren dirua eman duten babesleei. Igandean omendu zuten Argiñano-Ameztoy familiari eta beste hainbati.
Beltza kolore guztien batura da eta Astin jokatzen duen taldean, bat egiten dute Zarautzek, Lasartek, Azkoitiak, Aiak, Itziarrek, Rosariok, Buenos Airesek, Bahia Blancak, Saltak, Mar del Platak, Baionak, Malagak… Bakarrik ez goaz inora. Txalo bero bat, "errugbira apuntatu nahi dut", eta umea Astira ekartzen duten gurasoei; hirugarren denborak (eta ostegunetako afari asko) prestatzen dituzten beteranoei; sarrerak, zozketa-txartelak, kirol-jertseak eta elastikoak saltzen dituztenei; garagardo azokan, urtea joan eta urtea etorri, lanean aritzen direnei. Hainbeste boluntario, hain leku txikian, miraria ere bada, garaiotan.
Eta eskerrik asko, bihotzez, hain denboraldi ederra oparitu digun taldeari. Zelaian baloiarekin aritu direnei; eta bulegoan, aldagelan, sukaldean edota ohatilan lan egin dutenei. Ahaleginagatik, konpromisoagatik eta emozioa bizitzen jakiteagatik. Igandean, historia egiten jarraitu nahi, eta ezina gailendu zenean, besarkadak eta malkoak ez ezkutatzeagatik. Errugbia, gorputzarekin, buruarekin eta bihotzarekin ere jokatzen dela erakusteagatik. Bizitza bezala. Basapiztien kirola, bihotz oneko jendeak jokatuta.
Honaino aurtengoa. Atsedena tokatzen da orain, eta errugbiaz harago dagoen bizitzaz gozatzea. Gezurra badirudi ere, dena ez delako errugbia. Ekainaren 17an elkartuko gara Astin, partida ofizialik gabe, festa egiteko bakarrik. Eta datorren udazkenean, jarraituko dugu: Bultza Beltzak!!!