Etxean erabakiko da

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2023ko mai. 2a, 10:00

17-13 galdu du Gesalaga Okelan Zarautzek finalerdiko joaneko partida, Independiente Santander taldearen aurka. Igande honetan hil ala biziko partida izango du Ohorezko B Mailara igotzeko bidean.

Datorren igandean, maiatzaren 7an, erabakiko da Astin, Gesalaga Okelan Zarautz errugbi taldeak mailaz igotzeko finala jokatuko duen ala ez. Finalaurrekoa bi partidara jokatzen da; horregatik, igandean, joanekoa 17-13 galdu arren Santanderren, kanporaketa oraindik erabakitzeko dago. Batetik, 4 puntu ez delako alde izugarria eta bestetik, zelaian, Santanderrek ez zuelako nagusitasun nabarmenik erakutsi. Hala ere, S. Romanen irabaztea oso zaila da eta ia partida osoa aurretik joan arren, Gesalaga Okelanek ez zuen lortu igandean, ondo hasitakoa ondo bukatzea.

Gesalaga Okelanek 100 jarraitzaile inguru eraman zituen Santanderrera eta San Romango harmaila erdiak Asti zirudien, bonbo eta guzti. Kantabriarrek gaitak eta suziriak eraman zituzten eta partida ke-laino berde artean hasi zen. 

Zarauzko errugbi taldea lehian hain urrutira, finalaurrekoetara, iristen den lehen aldia da eta jokalariei ardura (edo ohitura falta) nabari zitzaien aurpegian partida hasi aurretik. Hasi orduko, aldiz, argi erakutsi zuten intentzioa. Partidako lehen minutuak Santanderren 22ko eremuan jokatu zituzten eta 8. minutuan, Mikel Eceizak egin zuen entsegua zarauztarrentzat. Zigor ostikada alboko sakera,  maulean metroak irabazi, baloia atera eta aurrelarien lanari esker etorri ziren lehen puntuak. Aurretik, hiru laurdenek eskura jokatuta sortu zuten arriskua. Entsegura iritsi ere, iritsi ziren,  baina entsegu marra horia duen zelaia bakarra da S Roman eta okerreko marra zuriaren beste aldean utzi zuten baloia. Ez da berriz pasako! 

0-7 markagailuan, etxekoak galtzen, eta aldeko hiru kolpe seinalatu zizkien epaileak, bata bestearen segidan. Bietan kale, hirugarrenean asmatu eta 3-7, berehala. Bi taldeek ostikadak erabili zituzten behin eta berriz baloia urruntzeko, jokaldi nahasiak, kolpe asko eta jokoa harilkatzeko modurik ez. Zarauztarrek beste 3 puntu, Gervasio Aldaok zigor ostikada botata: 3-10. Arnas apur bat, baina orduantxe Facundo Orivek min hartu eta zelaia utzi behar izan zuen. Ostikada Santanderrek eta 6-10. Hala joan zen lehen zati ia guztia. Zarautz saiatu zen jokaldi biziak osatzen eskura jokatuta, baina behin baino gehiagotan gertatu zitzaion baloia galtzea, azken metroetan. Santanderrek, berdin, erasoari ekin bai, baina Beltzen defentsak ohostu zien baloia lurretik, hainbatetan. Tentsio puntu bat harmailan eta baita zelaian ere, eta lehen zatia amaitzear zela, beste 3 puntu Santanderrek, zigor kolpez: 9-10 atsedenaldian.

Bigarren zatian, Gesalaga Okelan txukun hasi zen, ordenatuta eta bere jokoa eginez: Santanderreko lerroaren gainean presioa, defentsan gogor eta ahal zenean, baloia eskura jokatu. Beste 3 puntu zigor ostikadaz eta 9-13, amaitzeko 20 minuturen faltan. Edozer gerta zitekeen, baina Beltzak aurretik zihoazen eta ari ziren eusten. Eusten, tentsioari eta jokoari. Gutxi falta zen. Gesalaga Okelan erasoan Santanderren 22 barruan, berdeak zakar defentsan eta ruck nahasi batean, bi txartel hori, talde bakoitzarentzat, bana. Hurrengo zigor ostikadan kale zarauztarrek, eta 8 minutu luze partida amaitzeko. Edozer gerta zitekeen, eta orduan etorri zen, unerik okerrenean, Santanderren entsegua. Baloia ostikadaz urrundu zuten euren eremutik, Beltzek ez zuten asmatu jasotzen, berdeak, aldiz, iritsi ziren, pase pare bat, eta Franco Monterok entsegua. Ostikadan huts egin zuten eta 14-13. Etxekoak lehenbiziko aldiz aurretik, eta beste 3 puntu  berehala, zigor kolpez. 17-13. Partidaren azken minutuetan, denbora betea zenean, Zarautzek zeukan baloia eta Santanderren 22an jokatu zuen, partida salbatzeko entseguaren bila. Jokalariek posible ikusi zuten eta harmailak ere bai, baina etxeko jokalari batek baloia kanpora bota eta amaitu zen partida. Ez zen posible izan, baina zaleek, irabazi izan balute adinako, txalo zaparrada eskaini zieten jokalariei. 

Dena dago zabalik eta kanporaketa Astin erabakiko da datorren igande eguerdian. Ez duzu galdu nahiko! Sarrera eta pintxoa 5 euroan; giro ona, doan. Han espero zaitugu, sinfalta. Bultza Beltzak!!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide