Gauzak diren bezala dira, eta errealitateak beti irabazten du. Errealitatea da, Alcobendas Ohorezko Mailako errugbi taldea dela eta bulegoetan egindako iruzurra zigortzeko jaitsi zutela iaz, bigarren mailara. Alcobendasek Ohorezko Mailara itzuli nahi du eta iruzur hark zipriztindutako guztiek ere, hala nahi dute. Eta gainera, Alcobendas oso errugbi talde ona da; primerakoa. Horrela dira gauzak, eta horregatik, Alcobendasek 38-3 irabazi zion Zarautzi larunbat arratsaldean Moralejako Las Terrazas zelaian. Lagun batek dio, errealitateari utzi egin behar zaiola bere egia esaten, baina gero, amets egin behar dela apur bat, eta azkenik, erronkari heldu. Eta Gesalaga Okelan errugbi taldea horretan ari da.
Larunbatean, partidaren lehen zatian, Beltzek estuasunean jarri zituzten madrildarrak, orain arte beste inork ez bezala. Seguraski, beste inork ere ez du hainbeste jarraitzaile eraman Moralejara. Alcobendasen harmaila erdia beltza zen larunbatean, bertakoen harridurarako. Hasi orduko, zarauztarrak jarri ziren aurretik, 0-3, Carlos Estradaren zigor ostikada bati esker. Ez hori bakarrik; lehen 3 uztartzetan, méléan, Beltzek metroak irabazi eta aldeko 3na kolpe atera zituzten. Halakorik ez zitzaion inoiz pasa Alcobendasi, baina zarauztarrek ezin izan zioten etekinik atera lehen lerroaren indar erakustaldiari. Madrildarrek 10.minutuan egin zuten entsegua eta 3-5, partida estu joan zen minutu luzez. Lehen zati ia guztia Alcobendasen zelaian jokatu zuten; Beltzek sekulako lana egin zuten defentsan eta nagusi izan ziren baloia lurrean zebilen bitartean. Gesalaga Okelan entsegu marraren gainean egon zen behin baino gehiagotan, baina ezin puntuak urratu; eta aukera dagoenean entsegurik egiten ez bada, talde handiek ez dute barkatzen. Hala, atsedenaldirako oso minutu gutxiren faltan etorri zen Alcobendasen bigarrena. Transformaziorik ez oraingoan ere, eta 10-3 iritsi zen atsedenaldia. Irabazten joan arren, tabernako ilaran, zale madrildarrak ez zeuden lasai: “partida konplikatua” zen komentario nagusia.
Bigarren zatia hasi orduko, ordea, gauzak zeharo aldatu ziren: hamaika minutuan 3 entsegu egin eta Alcobendasek partida itxi zuen. Zarauztarrak, ordurako, lehertuta zeuden. Alcobendasek sekulako abiadura ematen dio baloiari eskura jokatzen duenean eta bigarren zatiko lehen minutu horietan erraz lortu zuen zarauztarren lerroan hutsuneak topatzea. 31-3, partida amaitzeko ordu erdiren faltan. Beltzek borrokan segi zuten, aurrean zituzten jokalarien aurka eta erabaki ulertezinak hartu zituen epaileari errespetua galdu gabe. Hori baita errugbiaren urrezko legea: epailearen erabakiak ezin dira auzitan jarri. Errespetua eskatu zuen Fran Puertas entrenatzaileak ere bere jokalarientzat: “Alcobendasek merezi duen errespetu bera zarauztarrentzat ere, epaile jauna”. Puertasek itzal izugarria du Espainiako errugbian, besteak-beste, inoiz ez duelako alferrik hitz egiten. Alcobendasek bere seigarrena egin eta partida amaitzear zela, Gesalaga Okelanek oraindik ere entsegua borrokatzen segi zuen, baina ahalegina hutsean geratu zen. 38-3, emaitza garbia.
Horraino, errealitatea. Hortik aurrera, Gesalaga Okelanek bigarren postuan jarraitzen du sailkapenean, 16 punturekin. Eta beraz, zilegi da amets egitea. Lehen lau postuetan geratzea eta final-aurrekoak jokatzea, amets errealista da gaur-gaurkoz. Eta amets egiten hasita, baita finalera iristea ere, zergatik ez! Errealitatea onartu, amets pixka bat egin, eta erronkari heldu. Hurrengo erronka, Getxoren aurkako partida, larunbatean, Astin. Aurretik, beteranoek prestatutako babarrun-jana, indarrak biltzeko. Errugbi foro ezagun batean aste honetan irakurritakoa da: “Zarauzko zaleek Madrilen nola animatu zuten ikusita, irudika daiteke zeinen ederra izango den Astin errugbi partida bat ikustea”. Ez irudikatu. Etorri, eta bizi errugbia Astin. Larunbatean, martxoaren 18an, 16:00etan da hitzordua. Bultza Beltzak!