Dena da posible

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2023ko ots. 27a, 09:45

Zarautz Gesalaga Okelan errugbi taldea (ZRT)

Bolada ezin hobean jarraitzen du Zarautz Gesalaga Okelanek, eta horren erakusgarri da asteburu honetan etxean lortutako garaipena Sant Cugaten aurka.

Euria eta hotza zeuden iragarrita astebururako, baina igande eguerdian ia-ia bero egin zuen Astin. Azkenaldian, dena da posible. Zarautzek 28-11 irabazi zion Sant Cugati, kostata, askatzea lortu zuten partida; eta ohiko bihurtzen ari denez, harmailak gozatua hartu zuen, hotzik ez sentitzeraino. Gesalaga Okelanek jokoan zeuden 5 puntuak bildu zituen. 16 ditu guztira, eta sailkapenean lehengo izaten jarraitzen du, partida bat gutxiago jokatu duen Alcobendas faboritoaren aurretik. Madrildarrak izango dira, hain justu, zarauztarren hurrengo aurkariak, hamabost egun barru, Las Terrazas zelaian, Madrilen, Moralejan. Atrebentziarekin, han ere, edozer gerta daiteke. Azkenaldian, dena da eta posible.

Estatuko harrobirik onena izatearen ospea du Sant Cugatek eta igandean ere, etxeko jokalariekin aritu zen. Hasi orduko erakutsi zuten ez zirela denbora-pasa etorri Zarautza. Lehenengo jokaldian, kolpea Gesalaga Okelanen kontra, Jan Benitok ostikada makiletara, eta 0-3, Sant Cugat aurretik. Berehala beste kolpe bat Beltzen kontra, baina S Cugatek kale; eta hurrengoa, berriz, etxekoen aldekoa, baina hauek ere kale. Txartel horia zarauztarrentzat eta kontrako beste bi kolpe segidan. Hala, lehen minutuak, partida abiatu ezinik bezala. Ordu laurdenera etorri zen zarauztarren lehen entsegua, hiru laurdeneko lerroaren eskutik. Sant Cugatek ostikadaz urrundu zuen baloia bere eremutik eta beltzek jaso zuten haien zelaian, 40 metroko marra inguruan. Carlos Estradak zabaldu, Martin Sorreluzek aurrera, pasea Juan Sorreluzi eta honek Sebastian Sedrani; berak azken metroak, eta entsegua, zelai ertzean. 5-3 markagailuan. --- Lehen zatiko entsegu bakarra. Hurrengo puntuak San Cugatek zigor ostikadaz, 5-6, eta hurrengoak berriz Gesalaga Okelanek, 8-6. Partida parekatua eta trabatua; joko gutxi eta bi taldeak puntuak urratu nahian, baina errugbi dotorerik gabe. Zarautz ondo ibili zen eskura, gehiago izan zen alboko sakean eta txukun defendatu zituen méléak, baina epaileak falta asko seinalatu zituen eta partidak eten asko izan zituen. Horietako batean, beltzek eskura izan zuten aldea handitzeko aukera: kolpea alde, baloia touchera eta alboko sakea 5 metrora. Hantxe jokatu ziren lehen zatiaren azken minutuak, baina zarauztarrek ez zuten ezer atera eta 8-6, 2 puntuko alde eskasarekin joan ziren aldagelara.

Bigarren zatia hasi orduko egin zuen S Cugatek bere entsegu bakarra. Alboko sakea 22an, motzean atera, Gerard Ginelek baloia jaso eta berak bakarrik, ihes eginda, entsegua. 8-11, katalanak berriro aurre hartuta. Hamargarren minuturako berdinketa, Carlos Estradak fin botatako zigor ostikadari esker. 11-11. Orduan, bukatzeko ordu erdiren faltan, beste partida bat hasi zen. Eguzkia atera zen, une batez, eta, itxuraz, horren zain zeuden Beltzak. 60. minutuan lortu zuen Gesalaga Okelanek bigarren entsegua. Méléa 40 metrora, baloia zabaldu, aurrelariek kolpe, hiru laurdenek zabaldu eta bizpahiru fasetan, zelaiaren beste alderaino. Sebastian Sedranek baloia hegalean jaso eta astia izan zuen, ihesean, hagen erdi-erdiraino iristeko. Estradak ostikada eta 18-11. Eta hortxe askatu zen korapiloa. Beltzek 3 entsegu egin zituzten erreskan. Sant Cugatek baloia atera, Gesalaga Okelanek jaso, jolastu eta ostikadaz urrundu, baina Ander Aristi, bizi, iritsi zen baloira eta entsegua, zelaiaren ertz-ertzean. 23-11. Eta oraindik beste bat: méléa Sant Cugaten 22ko eremuan. Zarautzek baloia atera, jokatu eta Ramiro Orivek, “Ramak” baloia marraren beste alderaino. 28-11. Partida amaitzeko 10 minutu besterik ez. Sant Cugati nekea pilatu zitzaion, baina Gesalaga Okelan eusteko premian zen, 3 entseguko aldeak 5 puntu ematen zizkiolako. Horregatik, oraindik urduritasun puntu bat izan zuten partida amaitzear, Sant Cugatek entsegua egiteko aukera izan zezakeela ikusita. Katalanek alboko sakea atera zuten 5 metroko marraren gainean, baina arriskuan geratu zen dena. 28-11 azken emaitza. Bost puntu poltsikora eta poza, beste behin, Astiko harmailan. Jendea zutik, oihuka eta jokalariak zaleekin bat eginda, behin eta berri errepikatzen ari den liturgian.

Hurrengo asteburuan atseden hartzea tokatu da eta hurrena, Madrilen da hitzordua: martxoaren 11n, larunbatez, arratsaldeko 16:30etan Alcobendasen zelaian. Gogorra izango da, baina dena da posible. Gertatuko balitz, ez ahazteko moduko egun horietakoa izango da. Okasioa galdu nahi ez baduzu, oraindik garaiz zabiltza. Eman izena Errugbi taldeak antolatu duen autobusean: joan-etorria, egunean bertan, 40 euroan. Kolosala izango da. Bultza Beltzak!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide