Hasteko, zortzi partida: lau etxetik kanpo, eta beste lau, Astin. Horietatik lehenbizikoa, igande eguerdian, 12:00etan, Jaengo errugbi taldearen aurka. Ikusteko modukoa izango da. 8 partida, eta gero gerokoak.
Inoiz errugbi partida batean izan ez bazara, kirol aldrebesa iruditu izan bazaizu beti, igandean, aukera, aurreiritziak utzi eta pasio berri bat deskubritzeko. Errugbi zalea bazara, ez duzu azalpenik behar.
Eguraldi ona iragarri dute: eguzkia eta 12 gradu. Giro izango da Astin. Harmailan, galdetzea libre da eta beti topatuko duzu bakarren bat azalpenak emateko prest. Eta berez, ez da hain zaila: errugbiaren arau nagusia errespetua da. Begirunea aurkariari eta epaileari. Irainak ez daude ondo ikusiak.
Gesalaga Okelan errugbi taldea gogor saiatuta iritsi da honaino. Lan egin dute jokalariek gimnasioan eta lan, bulegoetan taldea kudeatzen dutenek. Orain, elkarrekin gozatzeko garaia da. Herrian, errugbi dotorea erakusteko okasioa eta kanpoan, onenekin lehiatzeko ordua. Lehia honetan egoteak, ordea, ahalegina ere esan nahi du: entrenamendu orduak, bidaiak eta gastuak. Gustuko lekuan ez da aldaparik izaten, baina Astiko harmailak beteta ikusteak asko erraztuko du bidea. Hemendik aurrera, ez baita partida errazik izango. Santanderren berdinketa lortuta, etxeko partidak irabaztea dute helburu Gesalaga Okelanekoek, baina denon hauspoa beharko dute horretarako. Partidak zelaian jokatuko dira eta baita harmailetan ere.
Igandean animatu nahi duenak, okasiorako propio diseinatutako elastikoak izango ditu eskura 5 euroan eta betiko “sarrera + pintxoa”. Zatoz Astira igandean, errugbia modan dago eta Zarautzen!
Gesalaga Okelan taldearen hurrengo partidak:
02/12. 12:00etan Astin: Gesalaga Okelan- Jaen
02/19. L’Hospitalet-Gesalaga Okelan
02/26. 12:00etan, Astin: Gesalaga Okelan- S Cugat