Igoera jokatzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2023ko urt. 16a, 10:02

Iaz Uribekoak Astiko zelaian Beltzen kontrako partidan. (@Uribealdearugby)

Igoera faserako txartela Gabonen aurretik lortu zuten Beltzek, baina, larunbatean, Mungian, Uribealdearen aurka 7-18 irabazita, sailkapeneko bigarren postura iritsi ziren. Urteko kirol helburua aise beteta, beraz.

Ligaren lehen zatia amaitu da, eta Gesalaga Okelan Zarautzek bigarren amaitu du, Getxoren atzetik, Espainiako errugbiaren Ohorezko B Mailan. Hemendik aurrera, zarauztarrek lehen mailara igotzeko lehian parte hartuko dute, estatuko beste zortzi talde onenekin batera. Errugbi dotorea ikusiko dugu herrian udaberria bitartean, eta Astiko harmaila betetzeak behar luke helburua, beste ezeren aurretik.

Igoera faserako txartela Gabonen aurretik lortu zuten Beltzek, baina, larunbatean, Mungian, Uribealdearen aurka 7-18 irabazita, sailkapeneko bigarren postura iritsi ziren. Urteko kirol helburua aise beteta, beraz. Uriberen zelaia ez da inoiz leku samurra izan eta, larunbatean ere, garaipena kostata etorri zen. Partida trabatua joan zen oso. Uribealdeak ez zuen errugbi handirik erakutsi, baina zarauztarren jokoa eragozten saiatu zen, eta Gesalaga Okelani kosta egin zitzaion zelaian aurrera egitea. Hego haize biziak ez zuen lagundu ostikadetan, eta epailearen gaztetasunak ere ez, akaso. Bi taldeak aritu ziren oso gogor, eta batzuetan oso zakar, zelaian. Harmailarik ezean, publikoa zelai alboan kokatzen da Atxurizubin, jokalarien oso gainean. Errezeloa, zaleen oihuek, animoak eta tentsioa, biak, ez ote zituzten helarazi zelaira. Dena esaten hasita, gainera, beltzen jarraitzaileak bizkaitarrak adina edo gehiago ziren larunbatean Uribealdearen zelaian.

Partida hasi eta ordu laurdenera markatu zuen Gesalaga Okelanek, Martin Sorreluzek botatako zigor ostikada bati esker. 0-3. Hurrengo minutuetan gauza gutxi gertatu zen zelaian. Uribe, zarauztarren lerroaren oso gainean, presioa eginez, eta zarauztarrak, ohi duten defentsa gupidagabearekin zerbait lortu nahian. Dena oso korapilatua, halako batean Uribealdea zarauztarren entsegu marrara iritsi zen arte. Lehenengo saiakeran ez, baina bigarrenean, Gaizka Isasik lortu zuen bizkaitarren lehen entsegua eta Ramiro Garciak transformazioa. 7-3, etxekoak aurretik, 30.minutuan. Horren ondoren hasi zen txartel horien festa. Zarauztarrentzat lehenbizikoa, eta hurrengo biak, oso segidan, Uriberentzat. Horrela, jokalari bat gehiagorekin, eta lehen zatia amaitzear zela, Gesalaga Okelanek zigor ostikada bota zuen touche-ra. Alboko sakea, maul-a osatu, baloia atera, pasea, eta Joanes Zendoiak entsegua Beltzentzat. Gervasio Aldaok ostikada eta 7-10, zarauztarrak aurretik atsedenaldian.

Pentsa zitekeen, eta nahi genuen, bigarren zatiaren hasieran, zelaian jokalari bat gehiago izanda, Beltzek baliatuko zutela abantaila, baina ez zen halakorik gertatu. Jokoak korapilatua jarraitu zuen, baten zelaian, zein bestearenean. Jokaldi ikusgarririk apenas, joko nahasia oso eta, zenbaitetan, arriskutsua. Hurrengo hiru puntuak ere aldeko falta bati esker lortu zituen Zarautzek. Zigor ostikada makiletara Martin Sorreluzek, eta 7-13. Beste 20 minutu behar izan zituen Gesalaga Okelanek bigarren entsegua lortzeko. Aurrelarien lana izan zen. Alboko sakea, maul-a eta entsegua Facundo Orivek. Transformazioko ostikada ontzat eman zuten bi linierrek, baina ez epaileak, eta 7-18 geratu zen markagailua. Partida ez zegoen itxita, baina bukatzeko 10 minuturen faltan, burua hotz, jokoa lasaitzea eta eustea zen kontua. Eta Gesalaga Okelanekoek lortu zuten, duela urte batzuk ez bezala. Seinale, taldea hazi egin dela eta baduela garai batean baino heldutasun gehiago. Ez genuen errugbi brillanterik ikusi, baina balekoa izan zen. Gesalaga Okelanek irabazi, lau puntu bildu, eta sailkapenean bigarren geratzea lortu zuen. Bikain!

Urtarrila amaieratik aurrera beste kontu bat izango da. Ohorezko Mailara igotzeko lehia jokatuko dute zarauztarrek estatuko beste zortzi talderekin batera: dagoeneko ezagutzen dituzten Getxo eta Santander; ekialdeko Zaragoza, Hospitalet eta S Cugat; eta hegoaldeko Alcobendas, Jaen eta Almeria. Horiek osatuko dute eliteko taldea. Datorren astean, zozketa bidez, jakingo dugu taldeak nola gurutzatuko diren; Gesalaga Okelanek nora bidaiatu beharko duen eta zein talde hartuko ditugun Astin. Errugbi ona ikusteko aukera paregabea eta bidaiatzeko aitzakia, hala nahi/ahal duenarentzat. Gesalaga Okelaneko gazteek ondo irabazia dute amets egiteko visa, eta ederra litzateke zaleen arnasak hauspotuta izatea. Jarraitu nobedadeak hedabidetan edo taldearen sare sozialetan. Eta Bultza Beltzak!!!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide