Emaitza dotorea, bere horretan, eta bikaina, kontuan hartuta sailkapeneko hirugarren postua bermatzen diola Zarautzi, ligaren lehen fasea amaitzeko partida baten faltan. Getxo, Santander eta Zarautz. Hori da, pronostiko guztien kontra, estatuko beste onenekin lehiatuko den hirukotea, ohorezko mailara iristeko ahaleginean. Honenbestez, Gesalaga Okelanek aurtengo helburua beteta amaituko du urtea.
Eguzkitako betaurrekoak eta mauka motzak ikusten ziren igandean Astiko harmailan. Giro goxoa abendua izateko; goxotasunik ez, batere, zelaian. Oviedo talde indartsua da; gorpuzkera handiko jokalariak ditu eta partida gogor joan zen hasieratik. Zarautzek begiz jota zeuzkan jokalari arriskutsuenak, eta defentsa erakustaldia egin zuen partida hasieratik. Lehen minutuak, elkarri neurria hartzekoak izan ziren. Méléan, uztartzean, oso pareko biak, eta beste horrenbeste alboko saketan. Talde bakoitzak hiruna puntu lortu zituen zigor kolpe banarekin, baina partidak trabatua zirudien. Halako batean, 23. minutuan, korapiloa askatu zen arte. Alboko sakea Oviedoren entsegu marratik gertu. Asturiarrak ez ziren maul-a osatzera sartu eta Zarautzek baloia atera eta eskura jokatu zuen. Baloia zabaldu eta azkenengo pasean, Juan Sorreluzek borobildu zuen jokaldia: zelaiaren ertzean entsegu marra pasa eta astia izan zuen baloia hagen azpian uzteko. Hortxe zabaldu zen atea. Hurrengo 3 puntuak zigor ostikadaz, eta handik aurrera, Beltzek beste hiru entsegu egin zituzten bata bestearen segidan. Bigarrena, Sorreluz gazteak, Martinek: ostikada Oviedoren erasoa mozteko, baloiraino iritsi, eskutan hartu eta bizi, hagen erdi-erdiraino. Konfiantza bezalakorik ez dago gauzak ateratzeko. Hirugarrena, eskarmentuaren eta bizi jokatzearen ordaina izan zen. Mélé-a kontra Zarautzek, Oviedoren 5 metroko marraren gainean. Bat-batean, baloia kanpoan, umezurtz, eta Jokin Elustondok bitan pentsatu gabe, hartu eta entsegua, ia oharkabean. Ez zegoen gaizki, baina Gesalaga Okelanek hiru entsegu baino gehiagoko aldea behar zuen jokoan zeuden 5 puntuak lortzeko. Horregatik, ez zeuden ezer barkatzeko. 40. minutua gainean zela, taldeko jokaldi dotorea errematatu zuen Martin Sorreluzek, Oviedoko jokalari pare bati iskin eginda. Carlos Estrada oso fin ostikadatan, eta denen artean, 34-3 iritsi ziren atsedenaldira.
Partidak ia errematatuta zirudien bigarren zatia hasterako, baina ezin fio. Haizea kontra zuten zarauztarrek eta hegoa bizitu egin zen. Horrek ez zuen lagundu alboko saketan edo baloia ostikadaz urruntzerakoan. Gesalaga Okelanek entsegu aukera on bat izan zuen bigarren zatia hasi orduko, baina ezin mélé-a txukun osatu entsegu marratik 5 metrora, eta epaileak baloia galdutzat eman zien. Hurrengo jokaldian egin zuen Oviedok bere entsegu bakarra. Fou Ailua Tagilimak marka eta Patrick Christopher Scott Barlowk transformazioa. 34-10. Bigarrena ere saiatu zuten eta zarauztarren entsegu marraren gain-gainera iritsi ere bai, baina ezin Beltzen defentsarekin. Partida nekagarri zihoan eta Juan Sorreluz min hartuta zegoen hasieratik. Fran Puertas aldaketak egiten hasi zen eta horietako batean, Ander Aristik, zelaira sartu berritan, indartsu, baloia ohostu eta ihes egin zuen zelai-erditik entsegu marraraino, bakarkako jokaldi dotorean. 39-10, amaitzeko 10 minuturen faltan. Ez ziren xamurrak izan azken minutuak, baina emaitza ez zen aldatu. 5 puntu gehiago Gesalaga Okelanentzat, eta sailkapeneko 3.postua bermatuta, atzetik duen Hernaniri 6 puntuko aldea ateratzen diolako.
Harmailak zutik eta txalo zaparradarekin eskertu zion taldeari urte osoko lana. Ederra izan zen Fran Puertas entrenatzailea jokalari guztiak banan-bana zoriontzen ikustea ere. Urteko helburua garaiz betetzeak poza ematen du, baina igandekoak, beste bi poz ere utzi zituen Astin: Jon Agirre gaztearen debuta, batetik, eta bestetik, ikustea mélé-a ondo dabilela, urtetan euskarri izan duen Facun Orive falta izanda ere. Fisikoki ukituta, argentinarrak atseden hartu zuelako igandean. Lan asko egin da, luze, eta bada etorkizuna.
Gesalaga Okelanek etxetik kanpora jokatuko du fase honetako azken partida, Uribealdearen kontra, urtarrilaren 8an. Atseden apur bat, eta ondoren, bidaiatzea tokatuko da, Madril, Valentzia edo Kataluina aldera, seguraski. Etorriko da etorri beharrekoa! Bitartean, Eguberriak patxadaz gozatzeko moduan gaude. Biba Zuek!