Errebelazio taldea

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2022ko abe. 13a, 10:00

Universitario Bilbao-Gesalaga Okelan Zarautz (ZRT)

Larunbatean, 18-54 gailendu zitzaion Gesalaga Okelan Bilboko Universitariori, bere zelaian, El Fangon.

Gesalaga Okelan Zarautz da aurtengo sorpresa bere multzoan, Espainiako errugbiaren bigarren mailan. Gazteleraz, eta ohiko kirol kronikatan, “errebelazio taldea” esaten zaion hori, Gesalaga Okelan da aurten. Ez da guk esandakoa. El Fangon, larunbateko partidaren kontakizuna egiten ari ziren esatariek eman zioten titulua: “Equipo revelación”. Ez alferrik, 3 onenen artean kokatu du bere burua Gesalaga Okelanek, Getxoren eta Santanderren atzetik; hirurak, lau puntuko tarte estuan. Ligaren lehen fasea amaitzeko bi partidaren faltan, 10 puntu daude jokoan eta bost behar ditu Zarautzek hirugarren tokiari eusteko. Esku-eskura dauka, nahiz eta partidak banan- bana jokatu behar diren. Hirugarren postuan amaitzeak igoera fasea jokatzeko aukera emango lioke, estatuko beste bi multzoetako onenekin.

Larunbatean, 18-54 gailendu zitzaion Gesalaga Okelan Bilboko Universitariori, bere zelaian, El Fangon. Emaitzak argia dirudi, baina azalpena behar du, partida, “bi baten truke” modukoa izan zelako. Bi lehia ezberdin ikusi genituen, atsedenaldiaren aurretik, eta ondoren.

Hasi, Beltzak hasi ziren markatzen, partidaren lehen jokaldian. Alboko sakea zelai erdian, maul-a osatu eta bultzaka ia entsegu marraraino iritsi ziren. Baloia atera eta Urko Ederrak egin zuen entsegua. 5-0 partidaren bigarren minutua bete aurretik. Hurrengo puntuak, zigor ostikadaz lortu zituzten. Hiruna puntu talde bakoitzak, 3-8 markagailuan. Irabazten hasteak gehiegizko konfiantza eman zielako edo auskalo zergatik, lehen zatian Beltzak ez ziren txukun ibili. Ostikadaka, bilbotarrei eskura eman zieten baloia behin eta berriz eta baloirik gabe ez da erraza puntuak egitea. 21. minutuan Zarauzko defentsari iskin egin, hutsunea bilatu eta Alejandro Saenzek egin zuen lehen entsegua etxekoentzat. Hurrengoa ere, bilbotarrena izan zen. Zelaian bat gutxiago ziren eta, hala ere, lortu zuten zarauztarrei abantaila hartzea. 15-8, etxekoak aurretik 30.minutuan. Gesalaga Okelan bere jokoa egin ezinik, huts egite inozoak kateatuz eta zelaian galduta. Atsedenaldiaren aurretik, saiatu ziren, eskerrak, eskura jokatzen, eta Gervasio Aldaok bere gorpuzkera eta bere ia bi metroak baliatuta, baloia marraren beste aldean uztea lortu zuen. 15-13. Etxekoek beste 3 puntu egiteko denbora izan zuten oraindik, eta 18-13 iritsi zen atsedenaldia.

Ez dakigu aldagelan zer gertatu zen. Zer entzun ote zuten jokalariek. Dakiguna da, bigarren zatian, Gesalaga Okelan piztu egin zela eta beste partida bat ikusi genuela zelaian. Bigarren zatiaren emaitza partziala 0-41 izan zen. Zarauztarrek 7 entsegu egin zituzten, bata bestearen atzetik; bilbotarrek, puntu bakar bat ere ez. Zarautz errugbira jokatzen hasi zen, azkar eta ondo. Baloia hartu eta laburrean, aurrelariekin apurka- apurka aurrera eginez eta aukera ikusi orduko, hiru laurdeneko jokalariekin baloia alderik alde zabalduz. Beltzek sekulako erritmoa ezarri zuten zelaian, zurigorriak itotzeraino. Bigarren zatiko lehen marka Carlos Estradak egin zuen, hutsunea ikusi eta baloiarekin ihes eginda. Bigarrena, Juan Sorreluzek, hiru laurdeneko lerro osoak baloia zabaldu ondoren, jokaldia egoki borobilduta. Hurrengoa, Ugaitz Agirrek, Takolok, aurrelarien ahaleginaren ordaina. Hurrengo biak, Ramiro Oriverenak izan ziren, Beltzek ondoen egiten duten jokaldi banatan: toucha-a, maul-a eta entsegua. Eta azkenengo biak ere aurrelariek egin zituzten, Mikel Eceizak eta Mateo Bastek, ondo landutako eraso jokaldietan. Bizi eta ondo, zertan zebiltzan jakinda, eta jokoan zer zegoen jabetuta aritu ziren Gesalaga Okelanekoak bigarren zatian. Bainaren bat nabarmentzekotan, transformazioek huts egin zuten; hala ere, 18-54 amaitu zen partida. Gesalaga Okelanek 5 puntuak eskuratu zituen eta erakutsi zuen, beste behin, sailkapeneko 3. lekuan egotea ez dela kasualitatea. Harmailaren zati handi bat bete zuten beltzen jarraitzaileek sufritu egin zuten aurrena, eta gozatu, asko, ondoren.

Gozatzen jarraitzeko, orain, ligaren lehen fase hau borobiltzea falta da. Hurrengo igandean, abenduaren 18an, gerta daiteke. Gesalaga Okelanek Oviedo hartuko du etxean, Astin, igande eguerdian. Partida hori irabazi eta jokoan dauden 5 puntuak bildu ezkero, Gesalaga Okelanek aurtengo helburua aseko du. Eta bestela, badute beste aukera bat urtarrilean, Uriberen aurrean. Igandean jokatuko da munduko futbol txapelketaren finala eta baita bertsolaritza txapelketa nagusiarena ere, baina ederra litzateke, aurretik, Astiko harmaila jendez gainezka ikustea, Gesalaga Okelan Zarautz taldea txalotzeko eta hirugarren denboran, topa egiteko, denon osasunera. Han ikusiko dugu elkar. Bultza Beltz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide