Hasiera bikaina

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2022ko urr. 10a, 16:15

17-33 irabazi zuen Gesalaga Okelan Zarautzek igandean, Gasteizen; eta 4 puntu biltzeaz gain, aspaldiko talderik onena direla erakutsi zuten beltzek.

20. minututik aurrera zelaian bat gutxiago izan arren, zarauztarrak gehiago izan ziren jokoan. Alboko sakean, touche-an, hutsik egin gabe; uztartzean, mélé-an, oso txukun; defentsan sendo, eta erasoan bizi. 3 entsegu egin eta garbi irabazteko gauza izan ziren. Lastima, azken minutuetan, Gaztedik entsegua egin eta zarauztarrak bonusik gabe geratu izana. Bestela, partida borobila izan zen eta garaipena oso garrantzitsua, gauza askorengatik: ligako lehenbizikoa zelako, Gamarra zelai zaila izan delako zarauztarrentzat azken urteotan, eta taldeak, sasoia, maila eta heldutasuna erakutsi zituelako.

Partida hasi eta berehala, gasteiztarrek egin zituzten lehen 3 puntuak, zigor kolpe bati esker. 5 minutura berdindu zuten beltzek, bide beretik, zigor kolpez. Carlos Estrada arduratu zen ostikadez, eta bikain aritu zen partida osoan zehar. Lehen minutuak zarauztarren zelaian jokatu ziren eta bi taldeek parekoak ziruditen; horregatik, 20. minutuan epaileak txartel gorria atera eta Zarautz partida osorako bat gutxiagorekin geratu zenean, Gesalaga Okelanen jarraitzaileak okerrenean jarri ziren. Baina, ez zen deskalabrurik gertatu. Jakina da, errugbian, gorputza bezain garrantzitsua dela burua, eta horren erakusgarri izan zen igandekoa. Beltzek ez zuten kontzentrazioa galdu eta, 30. minutuan, zelaian bi jokalari gutxiagorekin ari zirela egin zuten lehen entsegua. Gaztedi ari zen erasoan; ostikada batean, Martin Sorreluzek baloia harrapatu, zelaiaren albotik ihes egin, azken metroetan pasea, eta Aner Larrañagak entsegua. Estradak transformazioa, eta 3-10, Zarautz aurretik. Gasteiztarrak oso urduri, beltzei aurre egin ezinda; aldeko kolpeak baliatu zituzten beste 6 puntu batzeko, baina zarauztarrek ere beste hainbeste egin zuten, eta 9-16 iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian izango ziren komeriak Gesalaga Okelenentzat. Hala pentsatu genuen denok: beste 40 minutu 14 jokalarirekin eta nekeak faktura pasako zuela. Hala irudikatuko zuten gasteiztarrek ere, eta gogor ekin zioten erasoari bigarren zatiaren hasieran. Zarauztarren zelaian, entsegu marratik oso gertu, gasteiztarrek bertatik- bertara probatu zuten, beltzek, serio jartzen direnean, nola defendatzen duten eta Gaztedi ez zen pasa. Gesalaga Okelanek uztartzean, mélé-an, berreskuratu zuen baloia eta entsegu faltan, Gaztedik zigor kolpez lortu zituen beste 3 puntu. 12-16, bigarren zatia hasi eta 10 minutura. 4 puntuko aldea besterik ez, eta gasteiztarrak konfiantza berreskuratzen hasita. Oso erraz gerta zitekeen partidak buelta ematea, baina ez zen gertatu. Zarauztarrek alboko sakea, aurrelariek jokaldia, eta Mateo Bastek, Alcobendasetik etxeratu berriak, entsegua. Estradak gauzatu, eta 12-23. Arabarrak lur jota. Zarauztarrak, bat gutxiagorekin eta nekatuta, baina jaun eta jabe zelaian. Beste 3 puntu Estradak zigor kolpez eta partida borobiltzeko zarauztarren 3. entsegua. Beltzak erasoan, Carlos Estradak ostikada Martin Sorreluzi zelai erdian eta honek, aurkariei izkin eginda, entsegua. Estradak ostikada eta 12-33. Fran Puertas entrenatzaileak aldaketak egiteko baliatu zuen bigarren zatia eta taldeak mailari eutsi zion, baina partidaren azken minutuak korapilatu egin ziren apur bat. Sebastian Sedranek min hartu zuen kolpe gogor batean; jokoa geratu egin zen, Sebastian ohatilan atera zuten zelaitik eta jokoari berrekindakoan, zarauztarren nahasmenduan, Gaztedik partidako entsegu bakarra egin zuen. Ostikadan kale, eta 5 puntu besterik ez, baina nahikoa Zarautz bonusik gabe uzteko. 17-33 izan zen azken emaitza. 4 puntu zarauztarrentzat eta 4. postua sailkapenean, eta garrantzitsuena, itxura guztien arabera, Sebas Sedranek ez duela lesio larririk.

Asteburua borobila izan da Zarautz Errugbi Taldearentzat. Seniorren lehen taldeaz gain, bigarren taldeak 10-18 irabazi zien Arratiako Zekorrei; eta 16 eta 18 urtez azpikoek ere irabazi egin zituzten euren partidak Uriberen eta Uribe-Irunen aurka, 7-77 eta 0-80.

Lehen taldearen kasuan, asteburuko garaipenak asko balio du, liga oso zaila datorrelako aurten ere, eta garrantzitsua zelako ondo hastea. Hurrengo asteetan, Getxo, Santander eta Hernaniren aurka jokatuko du Zarautzek. Partida zailak izango dira eta harmailaren berotasuna beharko dute beltzek aurrera egiteko. Astin, hitzordua, datorren larunbatean izango da, urriaren 15ean, 16:00etan. Zarautz eta Getxo aurrez-aurre. Lehen mailako errugbia, Ohorezko B Mailan jokatu arren. Han elkartuko gara. Bultza Beltzak!!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide