Bihotz kolpeka

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2021ko aza. 23a, 01:00

“Gaur, irabaztekotan, a la heroica izango da”. Astiko harmailan, bi zalek elkarri esandakoa da, amaitzeko ordu erdi faltan eta puntu bakarragatik irabazten, Zarautz partida osorako jokalari bat gutxiagorekin geratu zenean. Eta hala izan zen: larunbateko derbia, pasioaren indarrez irabazi zuten Beltzek. Bihotz kolpeka, joko dotorearekin baino gehiago. Igual dio. Estu eta larri eta azken minutuan, baina 18-17, garaipena, aspaldiko partez, Bera-Bera, aurkari klasikoaren kontra. Urrea balio duten 4 puntu sailkapenerako eta gaizki jokatu arren irabazteko gauza izateak ematen duen indarra, Gesalaga Okelaneko mutilentzat.

Bera-Beraren aurkako jardunaldiak inoiz ez dira errazak izan, horregatik zen garrantzitsua larunbatean, lehen bait lehen puntuak biltzen hastea. Minutua bete aurretik egin zuten Beltzek lehen entsegua. Aner Larrañagak ihes egin zuen baloiarekin hegaletik, pasea Juan Sorreluzi eta honek utzi zuen baloia marraren beste aldean. Transformaziorik ez, baina 5-0, hasiera ona zen.

Bi taldeek jokatu zuten intentsidade handiz hasieratik; defentsan presio handia eginez eta elkarren oso gainean arituta. Horren erakusle, hurrengo puntuak zigor kolpeen bidez etorri zirela bi taldeentzat, txandaka. Adrian Ariasek bota zituen hagetara Bera-Beraren ostikadak eta Martin Sorreluzek Gesalaga Okelanenak. Horrela, 8-6, etxekoak aurretik, 20. minutuan. Lehia estuan bi taldeak, baina zarauztarrak gehiago ziren zelaian, bai baloiarekin, baita méléan ere. Eta hala erakutsi zuten hurrengo minutuetan. Beltzek entsegurako aukera garbiak izan zituzten. Jokoa donostiarren marraren gain-gainean lehiatu zen tarte batean, baina ezin marra pasa eta etxekoen akats bat aprobetxatua, Bera-Berako Anton Legorburuk, kontraerasoan, baloiarekin ihes egin, zelaia alderik alde zeharkatu eta entsegua egin zuen Bera-Berarentzat. 8-11, donostiarrak aurretik. Zarauztarrek partidan sartuta segi zuten ordea. Ez zen asko falta atsedenaldirako eta garrantzitsua zen etenaren aurretik entsegu bat egitea. Hain eskura izan zituzten hainbat, eta bat, bederen, egitea. Momentu zailetan, segurutik jotzea onena, eta Zarautzek dakiena egin zuen: aldeko kolpea baliatuta, baloia touchera bidali, alboko sakea atera, maul-a osatu eta bultzaka, Mateo Bastek entsegua eta Martin Sorreluzek transformazioa. Harmaila zutik oihuka eta 15-11 iritsi zen atsedenaldia.

Bigarren zatian, gauzak antzera joan izan balira, Gesalaga Okelanek aldea handitzeko aukera beharko zukeen. Baina gauzak, askotan, ez dira guk nahi bezala gertatzen. Jokoa aldrebestu egin zen zelaian eta giroa berotu. Bigarren zatia hasi eta berehala, epaileak txartel horia erakutsi zien talde bakoitzeko jokalari banari, elkar kolpeka ekiteagatik. Zarautzek hirugarren entseguaren bila jarraitu zuen. Behin eta berriz saiatu ziren beltzak, toucheak baliatuta erasoa antolatzen, baina ez zen entseatzeko modurik. Bera-Beraren aurkako bigarren txartel horia etorri zen orduan.

Hura zen momentua eta Gesalaga Okelanek lan asko egin zuen zelaian, erasoan, faseka, baloia zabalduz; baina paseak huts egiten zituzten edo baloiak ihes egiten zien. Jokaldi osoak egin eta gero, azken detailean egin zuten kale, behin eta hamaika aldiz.

Etxekoek aldea handitu ezin, eta Bera-Berak estutu zuen markagailua. Zigor kolpea alde, makiletara ostikada eta 3 puntu gehiago. 15-14, bigarren zatia hasi eta gutxira. Eta orduan hasi zen zoramena. Gesalaga Okelanek jokalari bat galdu zuen bi txartel hori pilatzeagatik. Bat gutxiago izango ziren amaiera arte eta eutsi beharra zegoen. Eta horri ekin zioten: nola edo hala, irauteari. Errugbi gutxi ikusi genuen eta grina asko. Batzuetan, dena behar izaten da. Nahaspilan, Bera-Beraren aldeko zigor kolpea eta irabazteko aukera, baina makiletara bota eta kale egin zuten. Harmailak arnasa hartu zuen, baina zelaian borrokak ez zuen etenik. Jokoa guztiz korapilatuta eta bigarrenean, donostiarrek ez zuten barkatu. Zigor kolpea alde, ostikada hagatara, 3 puntu eta 15-17, Bera-Bera aurretik. Epailearen ordularian 7 minutu falta ziren amaitzeko, baina zelaiko markagailuan minutua besterik ez. Horregatik, ikusleren batek alde egin zuen bere tokitik, etsita. Baina dena ez zegoen galduta. Beltzek aldeko kolpea bilatu zuten eta baita topatu ere, leku egokian. Zelai erdian, 20 metroko marraren inguruan. Posible zen, hagatara bota eta 3 puntu eginda, partida irabaztea. Taldeko gazteenak bota zuen ostikada. 18 urte betetzeko dituen Martin Sorreluzek. Eta asmatu! 18-17. Aspaldiko urtetan lehen aldiz Zarautzek irabazi zuen Bera-Beraren aurkako derbia.

Astiko aldageletan bada desfibriladore bat. Akaso harmailetan ere beharko da aurki beste bat. Bihotza hustuta, lehertuta amaitu zuten jokalariek zelaian. Harmailan, bihotza lehertzeko puntuan, bat baino gehiago.

 

Sailkapeneko 5. lekuan dago orain Zarautz, 14 punturekin eta multzoko 4 handien atzetik. Santander, Belenos, Hernani eta Getxoren ondoren. Getxoko Faduran izango da, hain juxtu, hurrengo partida, azaroaren 27 larunbatez, 16:00tan. Han ikusiko dugu elkar. Bultza Beltzak!

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide