Minutuko isilunearekin hasi zen larunbateko errugbi arratsaldea Astin. Isiltasuna eta zinta beltza Zarauzko errugbi jokalarien besoetan, Jakes Irigoien Eizagirre gogoratzeko. Inoiz gertatu behar ez zuen ezbeharrak hil zuen Jakes duela 15 egun. 21 urte zituen. Ez dago hitzik samina azaltzeko. Ezta galdeikur nahikoa ere, bizitza, askotan, zeinen ulertezina den adierazteko. Jakesek hainbat urtez jokatu zuen Zarauzko errugbi talde gazteenetan eta lagunek ez dute erraz ahaztuko.
Ondoren etorri zen errugbia. Garrantzitsua, akaso, garrantzirik ez duten gauzen artean. 37-15 irabazi zion Gesalaga Okelan Zarautzek Gaztediri. Gasteiztarrek ez zuten, nonbait, halakorik espero, baina zarauztarrak gose ziren, joanden astean, Avilesen,ligako lehen partida Belenosen kontra galdu ondoren.
Partida hasi eta bigarren minuturako egin zuen Zarautzek lehen entsegua. Touchea, maula eta bi fasetan, Juan Sorreluzek marka, zelaiaren ertzean. 5-0. Zarauzko gazteak zein asmorekin zetozen antzeman zuten gasteiztarrek eta puntuak biltzeko aprobetxatu zuten hurrengo zigor kolpea. 5-3 Josu Carrillok ostikad az.Handik aurrera eta lehen zati osoan,zarauztarrek oso ondo jokatu zuten. Ondo presionatuz, gasteiztarrei hutsunerik utzi gabe eta behar zenean defentsa sendoa eginez. Taldean eta ordenatuta jokatuz etorri ziren hurrengo bi entseguak, 10 minutuko tartean. Mélé-tik baloia atera eta bi pasetan Unai Elustondok egin zuen zarauztarren bigarren entsegua. Hirugarrena berriz, Urko Zumetak, baloia albotik atera touchea-n, maule-a, eta bizi, hutsunea bilatuta. Carlos Estradak asmatu transformazioan eta 17-3 partida hasi eta ordu erdirako. Gasteiztarrek, esnatu, erasoari ekin eta hurrengo minutuak zarauztarren eremuan jokatu ziren. Beltzek behin birritan salbatu zuten arriskua, baina Gasteizen ere badakite errugbian. Baloia zabaldu eta hutsunea baliatuta lortu zituen Gaztedik hurrengo 5 puntuak. Transformazioan kale eta 17-8 markagailuan. Zazpi minutu eskas lehen zatia amaitzeko eta borroka gogorra zelaian. Hurrengo entsegua nork, partidak norabide bat edo bestea har zezakeen. Hurrengo jokaldian, beltzek, baloia ondo zabaldu eta Martin Sorreluzek ihes egin zuen baloiarekin, zelai ertzean beltzen 4. entsegua lortu arte. 22-8, atsedenaldian.
Bigarren zatia ere kementsu hasi zuen Gesalaga Okelanek. Urko Zumetak baloia bizi atera eta pase pare batean, Juan Sorreluz iritsi zen entsegu marraraino, zelaiaren hegalean. Transformaziorik ez, baina handik gutxira, jokoa zarauztarren entsegu marrara hurbiltzen ari zenean, zigor kolpea baliatu zuen Carlos Estradak beste 3 puntu biltzeko. 30-8 eta partidak bideratua zirudien zarauztarrentzat, baina errugbi zelaian, gauzak inoiz ez dira erraz-errazak izaten. Jokalariei atsedena eman eta taldean aldaketak egiten hasi orduko, zarauztarren jokoa desordenatu eta Gaztedi partidan sartu zen. Defentsa lan gogorra egitea tokatu zitzaion Zarautzi entsegu marraren gainean eta Gaztedik ez zuen barkatu. Entsegua, transformazioa eta 30-15. Horrek arnasa eman zien arabarrei. Zarauztarrak, aldiz, are gehiago nahastu ziren, Ugaitz Agirrek txartel horia ikusi zuenean. 20 minutu luze partida amaitzeko eta sufritzea tokatu zen. Gasteiztarrak piztuta eta zarauztarrak, nor zein postutan ari zen ozta-ozta jabetu ezinik. Eta orduan, kaosaren erdian, harmaila zutik jarri zuen jokaldia. Jokoa zarauztarren eremuan, baloia urruntzeko ostikada Ander Aristik, Gaztedik baloia hartu eta hurrengo pasean Aristik berak baloia ohostu eta ihes egin zuen lasterka. Entsegutik 5 metrora, Gaztediko azken jokalariari iskin egin eta marka, Ander Aristik. Martin Sorreluzek transformazioa eta 37-15, azken emaitza.
Ligaren bigarren jardunaldia jokatuta, Zarautz sailkapeneko 6. postuan dago, taularen erdian. Ez da leku txarra, aurten gauzak nola diren kontuan izanda. Urtarrilera arte jokatuko da ligaren lehen fasea. Ondoren, estatuko talde guztietako lehen hiru sailkatuek euren artean jokatuko dute bigarren fasea. Gainontzeko 9ek euren artean lehiatuko dute jaitsiera postuetatik aldentzeko.
Beltzen hurrengo partida, Bilbon, azaroaren 6an. Bitartean, atseden apur bat eta Bultza Beltzak!!