Korapilatua

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2021ko ots. 2a, 10:00

Gauzak zailtzen ari zaizkio Zarauzko errugbi taldeari, errazak inoiz izan ez badira ere.

Talde lana, indarra, burua eta kemena behar dira errugbira jokatzeko, baina, larunbatean argi geratu zitzaigun, diruak ere laguntzen duela.

Eibarrek atzerritarrak ekarri ditu ligaren azken txanparako eta inbertsioa errentagarri zaie. 54-17 irabazi zuen Eibarrek Unben, lehiakide zuzena duen Zarautzen aurka.

Ohorezko B maila, errugbiaren bigarren maila estatuan, gero eta leku garestiagoa da.

Partida hasi eta 11.minuturako, 14 puntu zituen Eibarrek. Entsegugileak, Mounga Taufateau eta Joshua Hodson eta ostikadak, Gradyn Bowd-enak. Ordurako, lauzpabost méle jokatuak ziren eta agerikoa zen, indarrak oso parekatuta zeudela. Zarauztarren méle –an ohikoak diren Facundo Orive eta Mateo Bast falta ziren, besteak-beste eta eibartarrak ondo hornituta zeuden.

Lehen sustoa pasata, Gesalaga Okelan Zarautzek gutxitan huts egiten dion jokaldiarekin erreakzionatu zuen. Baloia touchera , albotik atera eta maul-a osatuta, marraraino. Jokin Belokirena izan zen entsegua. Transformaziorik ez, baina 14-5 eta Zarautz partidan sartuta 16. minutuan. Handik aurrera, ordea, Eibarrena izan zen baloia eta zarauztarren zelaian jokatu zen partida. Beste bi entsegu egin zituzten ia segidan. Laugarrena,  alboko marraren gainean. Linierrak banderatxoa altxa arren, epaileak ontzat eman zuen eta Eibar 26-5 aurreratu zen. Baina Zarautzek asmatu zuen lehen zatia amaitu aurretik beste entsegu bat egiten. Zarauzko lerroaren erakustaldia izan zen, bi pausotan. Lehenengoan, zelaiaren erdi aldetik touche-a atera eta Ia 20 metro irabazi zituen maul ikusgarri batean. Hurrengo  touche-a 5 metroko marraren gainean, baloia zabaldu eta entsegua hagen erdi-erdian Juan Sorreluzek. Sebas Sedranek transformazioa eta 26-12. Lehen zatiaren azken minutuetan, Zarautzek arriskua sortu zuen eta partidak salbatzeko modukoa zirudien. Ikusi egin behar hurrengo 40 minutuak.

Bigarren zatia, ordea, ezin okerrago hasi zen. Txartel horia zarauztarrentzat eta zelaian bat gutxiago izanik, gauzak oso erraz Eibartarrentzat. Ez sekulako talde jokoa erakutsi zutelako, bakarkako jokaldietan aldea erakusten duten jokalariak zituztelako baizik. Gogor eta batzuetan zakar jokatu zuten eibartarrek eta ezerk ez zien lagundu zarauztarrei. Iaz askotan erakutsitako jokoa ezin topaturik, epailearen erabakiak ulertu ezinik eta akats tontoak errepikatuz, estu ikusi genituen. Baina ez etsita. Maliziak ere balio du errugbian eta partida amaitzear zela, Sebas Sedranek, baloia azkar atera eta, eibartarrak jabetzerako, azken entsegua egin zuen. 54-17 azken emaitza.

Partida gutxi geratzen dira eta Zarautzek lanean segi beharko du, kategoariari eusteko.  Egonarria eta itxaropena, ezer ez dago eta galduta.

Bultza beltzak!

Garbiñe Uria

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide