Urteko lehen partida, Avileseko Pasec Belenosen kontrakoa, atzeratu egin zuten eta zarauztarrek Bera-Bera taldearen zelaian estreinatu zuten urtea pasa den larunbatean. 27-19 galduta, esku hutsik itzuli ziren beste behin, nahiz irabazteko aukera eskura izan.
AVK Bera Berak estreinatu zuen markagailua 8.minutuan. Baloia albotik atera, zabaldu eta Beñat Gorrotxategik entsegua, erraz, zelai ertzean. Adrian Ariasek transformazioa eta 7-0. Gesalaga Okelanek ez zuen denbora asko behar izan berdintzeko: 16. minuturako 7na ari ziren. Baina tarte horretan, Zarautzek beste bi aukera ere izan zituen: Lehena, zelai erditik ateratako touche baten ondoren. Baloia zabaldu eta entsegura arrimatu arren, baloia galdu egin zuten marratik metro gutxira. Bigarren aukera, melé-a bultzata izan zen. Marraraino iritsi bai, baina baloiak zelaia ukitu ez, eta entsegua baliogabetu zuen epaileak. Hurrengo jokaldian etorri ziren puntuak. Melé-a 5 metrora, indarrez metroak irabazi eta baloia atera orduko, zigor entsegua zarauztarren alde eta txartel horia Bera-Berako 9arentzat. Bera-Berak azkar eta ondo mugitzen zuen baloia, baina Zarautz nagusi zen melé-an eta ondo ari zen defentsan. Partida parekatua zihoan. Zarauztarrek kale egin zuten zigor kolpe batean, baina hurrengo puntuak ere beraientzat izan ziren. Melé-a, indarrez metro batzuk, baloia atera eta Sebastian Sedranek entsegua. Carlos Estradak transformazioa eta 7-14. Hala amaitu zen lehen zatia.
Bigarren zatian, denboraldi honetan ia ohikoa dena pasa zen. Nekeak faktura pasa zien zarauztarrei. Bera-Bera fresko eta hazita, lehen jokaldian egin zuen entsegua Luis Diazek. Handik bost minutura Bera-Beraren hirugarrena, Unai Bayonek: 19-14 bigarren zatia hasi orduko. Zarautzek arazoak zituen jokoari jarraikortasuna emateko eta eskura jokatzeko. Hala ere, Carlos Estradak lortu zuen donostiarren defentsari izkin egin eta ihes egitea, pasea eta Sebastian Sedranek beste 5 puntu zarauztarrentzat. Berdinketa 19na. Partida zabalik eta intentsitate handia zelaian. Zarauztarrek eutsi egin zioten, baita bukatzeko 20 minuturen falta, txartel horia ikusi eta jokalari bat gutxiagorekin geratuta ere. Bera-Berak huts egin zuen aldeko bi zigor kolpetan eta zorteak ere Zarautzen aldeko zirudien, baina ez. Partida amaitzear, Bera-Berak erraz topatu zuen hutsunea leher egindako zarauztarren defentsan. Xabier Goenagak entsegua eta handik gutxira beste 3 puntu zigor ostikadaz. 27-19 azken emaitza.
Gesalaga Okelan Zarautzek 9 punturekin jarraitzen du sailkapenean, 9. lekuan. Ferrolen aurka arituko da datorren igandean Astin eta beste 3 partida geratzen zaizkio ligaren lehen zatia amaitzeko: Eibar, Valtecsa UBR eta Pasec Belenosen kontrakoak.
Irabaztea beti da gustagarria, baina urte zail honetan, taldeari eustea eta astez-aste jokatzea da, dudarik gabe, garaipenik onena.
Bultza beltzak!
> Garbiñe Uria