Irabazteko partida zen eta zarauztarrek kunplitu zuten. 24-6 Iruñeko La Unicaren aurka, alfonbra itxura hartu duen Astiko belardian. Etxean jokatutako lehen partida, aurtengo ligan. Irabazteko premia zegoen, aurreko bi partidak galduta, puntuak behar zituelako Zarautzek sailkapenari txukun samar eusteko. Jokoan zeuden 5 puntuak bildu eta sailkapeneko erdigunera itzuli da.
Partida bakarra, bi zati guztiz ezberdinekin.
Lehen zatian, Zarauztarrek apenas izan zuten baloirik jokatzeko, baina bikain aritu ziren defentsan eta horrek salbatu zituen. Defentsa gogor eta nekaezinak. Iruñarrek ezin izan zuten hutsunerik topatu zarauztarren lerroan. Arrimatu ziren, pare bat aldiz, entsegu marrara, baina Zarautzek bietan saihestu zuen arriskua. Eta hori hala izanik ere, 30. minutuan La Unica 0-6 ari zen irabazten. Zarautzek egindako bi falta, aldeko puntu bihurtzeko gaitasuna izan zuelako Urtzi Maidaganek, zigor ostikada bidez. Xabi Castañok aldaketak egin zituen hasierako hamabostekoan eta hori nabaritu zen uztartzean, melé-an eta touche-an. Bi aldiz saiatu ziren Zarauztarrak 5 metrora ateratako touche-tik entsegua bilatzen eta hirugarrenean lortu zuten, 35. minutuan, lehen zatia amaitzear zela. Mateo Bastek jarri zuen baloia belar gainean. Carlos Estradak transformatu eta 7-6, Zarautz aurretik. La Unicak, aldeko beste zigor kolpe bat izan zuen oraindik atsedenaldira joan aurretik. Zentratua eta erraz sartzeko modukoa, itxura batean, baina kale egin zuten! Zortea Zarautzen alde eta partida ere bai, atsedenaldian.
Bigarren zatia, beste partida bat izan zen. Zarautz erasora jokatzen hasi zen lehen minututik. Eskura, baloia erraz zabalduaz, 48.minutuan iritsi zen entsegua. Taldeko jokaldia eta azken pasean, Juan Sorreluzek kokatu zuen baloia marraren beste aldean. Carlos Estradak ez zuen hutsik egin ostikadan eta 12-6, partida itxura aldatzen. Lehen 40 minutuetan ez bezala, ia bigarren zati osoan, baloia eta nagusitasuna Zarautzek izan zituen. Egiten dakitena erakusteko gauza izan ziren eta hurrengo entsegua beltzen jokaldi klasikotik etorri zen: baloia albotik atera, touche-an, 5 metroko marraren gainean, maul-a eta entsegua Facundo Orivek. Transformaziorik ez, baina 19-6, aldea handitzen. Facun eta Urko Zumeta bigarren zatian atera ziren zelaira eta ederki nabaritu zen. Zarauztarren laugarren entsegua Urko Zumetak ekarri zuen, Iruñarren defentsa lerroa hautsi eta zelai erditik lasterka ihes eginda. 24-6, azken emaitza. Izan ziren aukera gehiago ere, baina ezin kexatu. 4 puntu zarauztarrentzat partida irabazteagatik eta bosgarrena, bonusa, hiru entsegu egiteari esker. Zarautzek nagusitasunez irabazi zion La Unicari eta konfiantzaz helduko dio hurrengo partidari, abenduaren 12-13ko asteburuan, Gasteizen, Gaztediren aurka. Urte amaitzeko, berriz, Hernaniren bisita, Astin, abenduaren 22an. Akaso, Covid-a aldeko bada, zaleen txalo eta guzti. Ea hala den!
Bultza Beltzak!
Garbiñe Uria